Surflari ernegatua
Surflaria, bidaiaria, erreboltaria, ETAko kidea...
1981ean, sustoa Dorak berak hartu zuen, ordea. Getariko telefono kabina batean zegoen mundu guztira musu-truk deitzeko zenbaki serie bat lortzeko deiak egiten. Jendarmeak kabina hura zelatatzen ari ziren, ETAko kideren batek noizbait erabiliko zuelakoan eta Dora gauza susmagarriak egiten zebilela ikusita atxilotu egin zuten. Gainera, atxiloketa momentuan kreditu txartel eta nortasun agiri faltsuak zituen soinean, halako azpilanak egiten baitzebilen diru pixka bat lortzeko asmotan.
ETAko kidea zelakoan atxilotu eta Baionan espetxeratu zuten. «Basque separatist» bat ez zela konturatu zirenean ordea, ez zuten surflaria askatu, handik AEBetara bidali zuten, eta han FBIkoak zituen zain. Berriz ere kartzelan sartu zuten eta 1982ko abenduaren 2an amaitu zuen zigorra.
Miki Doraren ibilbidea iluna bezain zirraragarria da. Bera bezala munduan zehar bidaian ibili ohi denak, soinean daramana baino zerbait gehiago izan ohi du, itzulera txartel bat, laguntzen dion sendi bat, kontu korronte mardul bat edo gutxienez nora itzuli.
Dorak ere soinean zuena baino zerbait gehiago izango zuen ziur aski, baina antza ez zen nahikoa eta lanik egin gabe dirua lortzeko egin daitezkeenak egin zituen, bidaiatu eta surf egin ahal izateko. Baina batez ere, dirudunak bezala bizi ahal izateko.
Bere bizia etengabeko kontraesan bat izan zen. Bere diskurtsoa eta egiten zuena erabat kontrajarriak ziren, baina hala ere, bazuen erakargarri egiten zuen zerbait. Surflari lotsagabearen irudi bizia zen, baina aldi berean klasea zuen, nortasuna zuen, singularra zen.
Getarin atxilotu zuteneko pasadizoa irriz eta anekdota gisa kontatu ohi dute idazleek. Lapurdiko Getarin atxilotu beharrean, Gipuzkoako Getarian atxilotu izan balute pasadizoa nola kontatuko luketen jakin nahi nuke. Baina batez ere, bere adierazpenak entzun nahi nituzke: «Never forget...»