GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Xabier Kintana Euskaltzaina

Txillardegirekiko zorra ezin kitatuz

Jose Luis Alvarez Enparantza, «Txillardegi», hil ondorengo egunetan, «asko eta ondo» idatzi dute hainbatek haren bizitza eta lanaren gainean. Hala uste du Xabier Kintana euskaltzainak; horrenbestez, interesgarriago deritzo artikulu honetan bere belaunaldiak Txillardegirengandik jasotako ondareaz hitz egiteari. Ondare horren berri jakin eta gero, argiago agertzen da joan berri den lagunaren garrantzia. Kintanak, bide batez, Txilardegirekiko zorra aitortzeko baliatu du, halaber, bere idatzia.

Astebete iragan da jada Jose Luis Alvarez Enparantzak, Txillardegik, utzi gintuenetik. Merezi bezala, asko eta ondo idatzi da zazpi egunotan haren bizitza eta lanaz, eta zaila, oso zaila iruditzen zait jada hartaz esan eta idatzi ez denik papereratzea. Aipatuak, ezagutuak eta goretsiak izan dira haren askotariko emaitza eta merezimendu nabarmenak, eta neronek, onenean ere, errepikatu besterik ez nituzke egingo jada beste askok segurki neronek baino hobeki adieraziak. Horregatik agian interesgarriagoa dateke hemen gure belaunaldiak harengandik jasoriko ondarea azaltzea, aldi berean, harekiko gure zorra aitortzeko.

Gerraondoko belaunaldia da gurea, 1946 aldean jaiorikoena. Gehienon aitak frontean ibiliak ziren, eta gerra ondoren, frankismoaren peko umiliazioaren, kartzelaren eta lan bortxatuen zapore mingotsa dastatu behar izan zuten, eta guk horren ondorioak. Euskal nazioa, inolako egitura politiko propiorik gabe, erabat ukatua zen, gure hizkuntza iraindua eta debekatua, hedabideak eta irakaskuntza osoa atzerritarren zerbitzu hertsian. Euskaltzaindia legetik kanpo genuen, katakonbetan `malbizitzen'. Gure artean, luzaro, abertzaletasunaren zuzi iratxekia gorde zuen alderdi bakarra EAJ zen. Halere, haren eragina ia sinbolikoa zen, noizik behinkako panfletoak eskupetik banatu, hormen gaineko pintada erritualak («Gora Euzkadi Azkatuta») eta gehienez ere, kanpandorre edo tentsio altuko kableetan ikurrinen bat jarriz. Gerran galdurikoagatiko negarra, gure herri on, zintzo eta guztiz katolikoaren aldeko apologia hutsalak, eta, beti ere, buru-errukia, errurik gabe pairatu behar genuen sufrimenduaren kexa latzak, besterik ez. Itxaron egin behar, beti itxaroten egon, aukera hobeak agertu arte.

Inork ez zigun orduan esaten zulo hartatik irteteko zer egin zitekeen. Jeltzaleek indarkeriari, orduan defentsa hutsekoa bazen ere, gaizki zeritzoten. Euskara ikastea, bestalde, norberak bakarka eta era baketsuan egin zezakeen arren, premiagabekotzat jotzen zen, euzkotar ona izateko aski baitzen deiturak (barkatu, abizenak) euzkera garbikoak edukitzea. Bestalde, txikitandik eta amaren bularretik egiten ez bazen, ezinezkoa omen zen euskara ikasi eta berreskuratzea.

Baziren, ordea, gerra aurreko boz disidente batzuk. Xabier Lizardik, adibidez, Unamunoren iritziaren aurka, euskarak edozer esateko balio zuela aldarrikatzen zuen jada. Bestalde, Justo Mokoroak bere «Genio y Lengua»-n nazio baten funtsezko oinarria odolean ez baina hizkuntzan zetzala errepikatzen zigun ozenki. Baina aitzindariok ez ziren aipatu ere egiten gerra ostean, ez eta ideia horiek agertzen abertzale haien ideariumean.

Eta orduan, bat-batean, Txillardegik-eta bultzaturiko abertzaletasun berriaren programa hartan, horra non euskararen garrantzia azpimarratzen hasten zaigun. Noski, euskara nazioaren osagai inportantea zela lehendik ere entzuna genuen, baina aurrekoek hori elementu ideal eta abstraktutzat aipatzen ziguten, eta ez, edozein abertzale kontsekuente eta zintzok bere eguneroko lanaz eta etsenpluaz berreskuratu behar zuen helburu pertsonal gisa. Euskara, hortaz, abertzaletasuna neurtzeko termometro bihurtzen zen. Ipuineko Antzorriletak bere aitarenganako maitasuna definitzean zerabilen «haragiak gatzari beste» haren antzera, abertzaleak ere «sorterriari besteko» maitasuna erakutsi behar zion hizkuntzari ere.

Bestalde, aldarrikatzen zen euskaltzaletasun hori praktikan egiaz eta benetan bete zitekeela frogatzeko, predikariak bere burua eta bere eguneroko bizitza erakusten zizkigun: Txillardegik, Gabriel Arestik bezala, euskara nagusitan ondo ikasi eta landu ahal dela argi agertzen zigun. Eta hizkuntza zapaldu, ukatu eta ia desagertua berriz ere berpiz zitekeela hobeto nabarmentzeko, hots, ezina ekinez eginaren bidetik, utopia batzuk egingarri direla, Israel sortu berriaren eta Finlandiaren kasu imitagarriak jartzen zizkigun Jose Luisek. Lehenagoko abertzaleek independentzia politikoa proposatzen zuten lehen helburutzat, hizkuntzaren berreskurapena geroagoko utzita. Txillardegik, ordea, kezkaturik zioskun Irlandari arretaz begiratzeko, independentzia gorabehera, gero eta ingelesago bihurtzen ari zenari.

Euskararen edozertarako gaitasun hori ez zen, harengan, hitz hutsetan gelditzen. Txillardegik, bere luma azkarraz, argi zerakuskigun, baserri eta itsas giroko kontakizunez kanpoan ere, gure mintzaira tresna ezin hobea zela kaleko, munduko eta orotariko istorioak kontatzeko. Baina, horretarako, munduko gainerako kultura-hizkuntzetan bezala, dialekto mintzatuen nahaste-borraste zatikatzailearen gainetik, nazio-hizkuntza batua eta batzailea behar genuen, eta hor ere buru-belarri jardun zuen lanean, euskara batua lortu arte.

Eta euskara horretan ideia modernoak, existentzialismoa, politika, estrukturalismoa edo eboluzio-gaiak ere jorra zitezkeen. Eta nolako ondorio distiratsuekin gainera! Hura bai euskara aberats, dotore, isurkor eta landua! Tokitan zegoen, Txillardegiren prosaren parean jarrita, Krutwigen euskal idazkera zurrun eta moldakaitza, batasunerako zerabiltzan teoria politak gorabehera! Horrexegatik Jose Luisen euskaltzaletasun eta abertzaletasun-mezuek hasiera-hasieratik erakarri gintuzten. Lehenagoko purismo antzuaren ordez, hizkuntza estandar normaldu eta erabilgarria bultzatu zuen.

Bestalde, eta horrek ere bere garrantzia dauka, eta ez txikia, Txillardegik ez zuen teoriaren eta praxiaren arteko hausturarik egiten, bera baitzen lehen-lehena betetzen inorentzat proposatzen zuena. Eta hori, orduko lehendakaria bera bere seme-alabei gure hizkuntza nazionala irakasten arduratzen ez zen garai batean, eredugarria genuen erabat. Bide horretan kartzela, erbestea eta mila eragozpen pairatu behar izan zituen, baina bera beti zintzo jarraiki zitzaien bere abertzaletasun-oinarriei, horiek beti ere edozein alderdiren diziplina baino gorago izan zituen eta. Ezin ahantzizkoa, jakina, bide latz horretan beti aldamenean, bidaide eta gogaide, izan duen emazte adoretsua, Jone Forcada, bere ordu latzetako lagun zintzoa.

Jendea bere eginetatik ezagutzen delako esakunea egia baldin bada, erraz uler daiteke zergatik askok geure abertzaletasuna, neurri handiz, Txillardegiri zor diogun. Eta diruzkoak ez diren zorrak, kasu honetan bezala, kitaezinak dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo