Ixabel Etxeberria Irakaslea
Sozialistak, ahul
Frantxoi Maitia ere erregularki ikusten dugu prentsan sozialisten boza entzunarazten. Ipar Euskal Herrian sozialistek jarrera aldatu behar zutela ulertu dute, politika eraginkorra egitekoEsne ekoizleak protestan agertu dira azken egun hauetan. Esne ekoizleak antolakuntzaren bidez beren lan tresna defenditzen aritu dira, baina aurrean dituztenek arma komertzial azkarrak baliatzen dituzte. Beste gizarte eredu bat defenditu behar dela aldarrikatzen dute esne ekoizleek, beren biziraupena delarik zalantzan. Hautetsi askoren babesa lortu dute, tendentzia guztietako hautetsiak, jokoan dagoenak herritar guztiak hunkitzen baititu. Frederique Espagnac ikusi dugu ardi esne ekoizleen txostena defenditzeko prest. Badirudi sozialista, Senatutik ere, ekoizleen laguntzeko prest dela. Sozialistak lehen lerroan ikusten ditugu, lanean eta borrokatzen direnen ondoan, ezkerraren irudia hobetu nahian segur aski, agian esperantza zerbait pizteko gogoan. AHTren aurka bozkatu ondoren, Ezenarro klarki Akitaniako sozialisten kontra agertu da. Frantxoi Maitia ere erregularki ikusten dugu prentsan sozialisten boza entzunarazten. Ipar Euskal Herrian sozialistek jarrera aldatu behar zutela ulertu dute politika eraginkorra egiteko.
Aldiz, estatu mailan iragaiten ari den presidentetzarako kanpaina horretan sozialistak zer dioten ulertzen nahiko zaila da. Alderdi barneko tirabirak ez dira gelditu, prentsak aukera guztiak baliatzen ditu horren berri emateko eta, bestalde, Hollande hautagaiaren programa ezagutzeko, hedatzeko tresnarik ez da igarri, herritarrengana azalpenik ez da heldu.
Horrez gain, sondeoek toki nagusia izaten jarraitzen dute kanpainan; zenbakiak aldatzen dituzte etengabe, hautagaiek errateko dutena aipatu baino. Horrela ez da identifikatzen ahal zer aldatuko den hautagai sozialistarekin. Aldiz, Sarkozyk krisiaren aurrean egiten dituen urrats guztiak xeheki azalduak dira, herritarrentzat aldaketarik ekartzen ez badute ere. Ondorioz, Sarkozyk sinesgarritasun handiagoa lortzen du, politizazio maila apaltzen joan den gizartean. Gazteen artean bozkatzeko ilusiorik ez da pizten. Alegia, ondoko asteetan zerbait ez bada benetan mugitzen eskuineko indarrek arerio gutxi izanen dituzte. Sozialistak oso ahul dira.
Haatik, hauteskunde hauek garrantzia badute ere, Ipar Euskal Herriko geroa ez da soilik frantses Estatuaren eskuetan egonen. Hemen kezka bereziak ditugu eta haiei aurre eginen diegu. Auroreren kasua konpontzekoa da, preso guztiena, iheslariena eta noski autonomiarena; horretaz hautagaiek lerro gutxi idatzi dituzte. Frantses hautagaien programak ez badira irakurtzeko errazak, gure programa badugu eta jakinaraziko diegu.
Blanki Antepararen heriotzaren berriak Euskal Herriko emazteek borroka honetan zenbat ematen duten ekartzen du argira. Ez ditugu emazteak ikusten diputatu, senatari, edo oso gutxitan. Ospearen tokian ez dira jartzen, gure borrokaren baitan dudarik gabe hobetu behar den egoera. Haatik, emazteak hor dira sufrimenduaren pasabideetan, bisitaz bisita, inoiz amore eman gabe. Herri honen aberastasun handia, hauspoa.