GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora I Urrezko lehiaketa

Arrospide eta Mugertza II.a finalerdietan izango dira

Leaburuko eta Mutrikuko aizkolariek garaipen nahiko erosoa lortu zuten Lopezen eta Erasunen aurka.

p040_f02.jpg

Jon LEUNDA I

Arrospidek eta Mugertza II.ak lortu zuten atzo Urretxun Urrezko Aizkorako finalerdiak jokatzeko txartela, Lopez eta Erasun mendean hartu ostean. Azken hauek final-laurdenak jokatu beharko dituzte orain.

45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu izan zen lehen proba, eta hori bikote nafarrak irabazi zuen; horixe izan zen, gainera, lortu zuten garaipen bakarra. 31 kolpetan moztu zuten enborra; aurkariek, berriz, hiru gehiago behar izan zituzten. Bigarren lanean kana-erdiko bat zutik jarrita erdibitu zuten, eta hor hasi ziren gipuzkoarrak beren garaipena bideratzen. Lana bi minututan amaitu zuten, eta hamar segundoko tartea lortu zuten.

Hirugarren lanean, bi 45 ontzako moztu behar izan zituzten, bakoitzak bana, eta hori ere Arrospidek eta Mugertzak irabazi zuten. Lana amaitzeko minutu bat eta 21 segundo behar izan zituzten, eta beste hamaika segundo gehiago sartu zizkieten aurkariei. Laugarren lanean, 45 ontzako bat zutik eta beste bat etzanda zituzten. Horretan ere gipuzkoarrak izan ziren nagusi. 1.47 izan zen egin zuten denbora eta 1.51, nafarrena.

Azken-aurreko lanean bi 60 ontzako moztu behar izan zituen bikote bakoitzak, aizkolari bakoitzak bat. 4.36 izan zen Arrospideren eta Mugertza II.aren denbora, eta 5 minutu eta 26 segundokoa, berriz, Lopez eta Erasunena.

Azkeneko lanean, txanda librean sei kana-erdiko erdibitu behar izan zituzten, eta hor ere gipuzkoarrak hobeto aritu ziren. 9.10eko denbora egin zuten eta 9.40ekoa, berriz, Juanjo Lopez eta Ander Erasunek.

Lan guztiak burutzeko, 19 minutu eta 28 segundo behar izan zituzten Mugertzak eta Arrospidek, eta 21 minutu eta 10 segundo, Lopezek eta Erasunek. Azken hauek final-laurdenetan Olasagastiren eta Txapartegiren aurka jokatu beharko dute.

Mugertzatarrentzat egun oso ona izan zen atzokoa; anaia zaharrenak, Ugaitzek, Urrezko Mailan irabazi zuen eta gaztea, Aratzek, Zilarrekoan gailendu zen. Larrañagarekin batera irabazi zien Zalduari eta Dorronsorori. 14.00 izan zen garaipena lortu zutenen denbora, eta 14.32, berriz, galdu zuten aizkolariek egindakoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo