Lanbertek uste baino errazago hartu du mendean Lazkano
J.L. I
Ximun Lanbert izan da Buruz Buruko lehen kanporaketak gainditu dituen azken pilotaria, herenegun iluntzean 40 eta 21 irabazi baitzion Bixente Lazkanori Itsasun.
Lanbertek ez zion Lazkanori ezertarako aukerarik eman. Askoz ere hobeto aritu zen, eta partidak ez zuen emoziorik izan. Hastapenetik ihes egin zuen markagailuan. Urruñakoak ezin izan zion jarraitu, eta garaipena eroso lortu zuen.
Horrekin, amaitu dira lehen kanporaketak, eta datorren larunbatean eta igandean jokatuko dira final-zortzirenak. Senperen abiatuko dira kanporaketak larunbatean. Aitzineko partida 16.00etan hasiko da eta horretan Etxeberri eta Laurent Lanbert lehiatuko dira. Hori amaitutakoan, Jeannotsek Ozafrainen aurka neurtu beharko ditu indarrak Senperen bertan.
Beste bi kanporaketak Armendaritzen jokatuko dira igandean. 16.00etan hasita, Ximun Lanbertek Alfaroren aurka jokatuko du. Lehen kanporaketa amaitutakoan, Ezkurra II.a eta Larretxea neurtuko dira nor baino nor. Hori izango da jardunaldiko partidarik erakargarriena. Final-laurdenak otsailaren 4an, Arrangoitzen, eta 5ean, Donapaleun, izango dira.