KRONIKA | haur danborrada
Gaztetxoak gustura, danborradako trajea birritan jantzi dutela-eta
Oraingoan bai. Bi eguneko atzerapenarekin izan bada ere, haurren danborradak Alderdi Eder parke osoa bereganatu, eta, danbor eta upelen laguntzaz, Sarriegiren doinuei heldu zieten 5.000 gaztetxo inguruk. Aurten txikiek agurtu dute Donostiako San Sebastian festa.
Ana ABARIZKETA I
Luze jo dute aurten San Sebastian jaiek Gipuzkoako hiriburuan. Azkenean, urtero bezala, bi eguneko atzerapenarekin izan bazen ere, aurten ere hainbeste entseguk fruitua eman zuten. 10.30ak pasatxo ziren Donostia Kulturako ordezkariek danborrada egingo zela jakinarazi zutenean, eta orduantxe lasaitasun eta zoriontasunak bat egin zuten donostiar askoren erraietan. Beraz, zikintzea debekatuta dagoen trajea jantzi, eta goiz erdian Alderdi Ederreko parkean elkartu ziren 5.000 gaztetxo inguru. Ikaskideak agurtu eta danbor zein upelak astintzen hasteko prest iritsi ziren gainera.
Udaletxean, bien bitartean, aurtengo Easo Ederrak eta Jeneralak, Claudia Fernandez eta Ander Atxukarrok, gustura zeudela azaldu zuten, trajea bitan janzteko aukera izan dutela adierazita. Horrekin ados agertu zen Rosa Salegui Jeneralaren laguntzailea. Deutchse Schule San Alberto Magno ikastetxekoak biak, hitz batzuk bota zizkieten gainerako gaztetxoei udaletxeko balkoitik. «Gora Donostia!» eta «hau gure eguna da» garrasi egin, eta danbor eta upelen burrunbak erantzun zien.
Udaletxeko balkoian izateko pribilegioa izan zuten San Alberto Magno ikastetxekoekin batera ziren, besteak beste, Juan Karlos Izagirre alkatea eta Nerea Txapartegi Kultura zinegotzia. Biak ere gustura, azkenean danborrada martxan zela ikusita. Izan ere, Donostiako alkateak, eguraldiaren ondorioz haurren danborrada atzeratu behar izan zela-eta, atzoko egunez gaztetxoen festa babesteko deia egin zuen eta atzo herritarren erantzuna ondo irudikatuta gelditu zen.
Hamabiak puntuan ikastetxeetan luzaroan entseatutako «San Sebastian martxa»k eman zion hasiera ofiziala danborradari. Hortik aurrera kaleak koloreztatzera abiatu ziren 52 konpainiatako neska-mutilak, aurretik idiak eta guzti zituztela. Horietako batzuek itxaronaldi luzea egin behar izan zuten Alderdi Ederren, 4.906 parte hartzaile martxan jartzea ez baita lan makala. Hala, azkenengo konpainiak atera zirenerako aurrenekoek ia amaituta zuten bidea.
Egunak, gaztetxoek azaldu zuten bezala, merezi zuen, askok gaua lorik hartu ezinik pasatu zuten gainera. Horietako batzuk ispilu aurrean behin baino gehiagotan saioak egin zituztela ere aitortu zuten. Gustura zeuden, halaber, trajea birritan janzteko aukera izan zutelako.
Ibilbidean zehar kale bazterrak jendez lepo zeuden, eta horietako asko eta asko argazki-kamerei atsedenik ematen ez zieten guraso eta senideak ziren, irribarrea ezpainetan. Balkoiak ere globo txuri eta urdinez eta sansebastianetako banderaz apainduak zeuden.
Eguerdian dena amaituta zegoela bazirudien ere, Antigua auzoan arratsalde partean danborra jotzeko hitzordua zuten gaztetxoek, auzoko festak baitituzte.
Haur danborrada berezia izan da aurtengoa, ziur asko etorkizuneko kontakizun askotako pasarte bihurtuko dena; izan ere, azken 81 urtetan atzerapenik ez baitu izan urtetik urtera parte hartzaile gehiago dituen umeen desfileak. 1961. urtean, aurrenekoa egin zenean, 300 haur inguruk hartu zuten parte, bost konpainiatan banatuta. Orduan portutik hasi ziren.