GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kilometroen bostekoa jasota Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastola berria dute Lezon

p014_f010.jpg

GARA |

Pasaia Lezo Lizeoa osatzen duten guztientzat egun handia izan zen atzokoa. Haur Hezkuntzarako eta Lehen Hezkuntzarako ikastola berria inauguratu zuten, Lezon kokatua. Urtarrilaren 9az geroztik, umeak eskolak eraikin berrian jasotzen ari badira ere, igandez ikastolara itzuli eta herritar guztiei erakutsi zieten.

Izan ere, ikastola berria eraikitzeko gastuen zati bat 2010ean Lezon egindako Kilometroetan lortutako diruarekin ordaindu dute; hain justu, 2.900.000 eurotik 300.000, Gipuzkoako Ikastolen festan jasotako babesari esker.

Beraz, Boxtonek -2010eko Kilometroetako irudia izan zena- ez zuen hutsik egin atzoko zitara. Eta honekin batera Porrotx eta Boxtin - Boxtonen laguntzailea- ere bertan izan ziren saio berezi bat egiteko. Ikasleek ere Kilometroetako dantza berreskuratu eta dantzatu zuten.

Duela bi urteko Kilometroetako leloa «Hona bostekoa» izan zen. Ikastolazaleen eta euskaltzaleen babesa eskatzen zuten orduan ikastola berria eraikitzeko, eta lortu ere lortu dute amets hura gauzatzea.

Atzoko inauguraziorako ekitaldi andana antolatu zituzten, eta ikastolako kideez gain, elkarte eta irakasle, laguntzaile eta hasierako familia eta sortzaileak zeuden gonbidatuta.

«Oinez Basoan», 500 zuhaitz

Bestalde, Tafallako Monte Plano mendian, arte eta erkametzen 500 kimu landatu zituzten «Oinez Basoan», euskararen eta ingurumenaren basoan.

Zuhaitzen festan 300 lagunetik gora bildu zirela azaldu zuten antolatzaileek ohar baten bidez eta, duela bi urte hasitako lanak amaiera ezin politagoa izan duela azaldu zuten.

Norbanakoak, instituzioetako ordezkariak, elkarteak, hezkuntza zentroetako kide eta enpresei esker lortu da baso berri baten proiektua. Datozen asteetan landatzen jarraituko dute 7.000 zuhaitz izatera heldu arte.

Festa giroan egindako janaldi batekin amaitu zuten jardunaldia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo