GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe EGIA

Anakroniko eta gezurti

PPren obsesioetariko bat abortua da. Alderdiaren oinarri sendoetariko bat, boterera eraman eta bertan iraunarazten duten bere ohiko hautesleei eusteko, abortuaren kontrako gurutzada da, ustezko moraltasun onargarrian ardaztua. Gobernua erdietsita, beraz, ekin dio berriz kontuari, ezeren gainetik bizitzaren defentsaren gezur handiari.

Bizitza defendatu nahiko balu, kontuan izango lituzke haurdunaldia eteten duten subjektuak, hau da, emakumeak, bizitzatzat arnaste hutsaz haragoko kontu konplexuagoa badu, behintzat. Hainbeste kezkatzen duten neskatila adingabeek, esaterako, bizi behar dituzten egoerak, beldurra eta, kasu askotan, babesgabetasuna, eskarmentu ezak haiengan eragin ditzakeen betiko sarraskiak. Kontuan izango lituzke gaiaren inguruan argitaratzen diren ikerketa eta txostenen ondorioak. Nagusiki, berriki azterketa batean plazaratu den moduan, abortuak harreman argia duela herrialde jakin bateko legeriarekin, eta hala, abortu tasak baxuagoak direla arau permisiboagoak dituzten herrialdeetan. Beste era batera esanda, nahikoa izan beharko lukeena eskuinak gezurrak kontatzeari uzteko, zenbat eta lege murritzaileagoak, orduan eta etete klandestino eta segurtasunik gabeko gehiago, eta ondorioz, heriotza gehiago. Bere España maiteari begiratzeari utzi eta mundu mailako esperientziak erakusten duenari erreparatu beharko lioke, errealitatean eta egungo jendarteari begira lan egingo badu, nahiz eta horrek bere ametsetako España bakarra, homogeneoa eta tradizionala desagerrarazi.

Hori baino lehen, ordea, nahiago du jarraitu sinestarazten legeek abortu kopurua aldarazten dutela, eta onartuta egoteak abortu zalez betetzen dituela ospitaleak. Emakumeoi berdin izango balitzaigu bezala edozelako harreman sexualak izatea, haurdun geratuz gero, konponbide hori badugula jakinda. Arduragabeak eta txoroak izango bagina bezala tratatzen gaitu eskuinak, gure buru eta gorputzaren jabe izaten jakingo ez bagenu lez, eta premisa horretatik abiatuta defendatzen du abortua legezkoa izatearen eragin txarra, inolako fundamenturik ez duena, areago, esan bezala, gezur hutsa dena. Berdin dio, eskuinari bost axola, abortua estigmatizatzen eta kriminalizatzen jarraitzen du, eta, bide batez, emakumeon irudia beheratzen, zenbait eskubide ukatzeaz gain, ondo baino hobeto dakien arren horrek dakarren gauza bakarra baldintza txarretan eta inolako segurtasunik gabe egindako abortuen gehikuntza dela, izan ere, emakume batek haurdunaldia eteteko beharra izanez gero, nola edo hala bilatuko du modua.

Beraz, PPren benetako nahia abortuak gutxitzea balitz, eta gobernatzen duen jendarte osoari begirunea erakutsi, ohiko jarrera anakroniko eta moralizatzaileari utzi eta beste alderdi batzuetatik heldu beharko lioke abortatu behar izatera eraman dezakeen guztiari, hezkuntza eta prebentziotik, hain zuzen. Arazoa da, batik bat emakumeona, PPren nahia bestelakoa dela, jendartearen zati bat irabazteko baliaturiko auzi tradizionalak galtzen ari den honetan. Galdu du terrorismoa, adibidez, eta ez dago prest abortua galtzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo