GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Arantza Goikolea, Mikel Ander Zubizarreta Nabarnizko zinegotzia eta Ajangizko alkatea, hurrenez hurren

Ez urre, ez mendi

Azken batean, landa garapenak eta turismoak ezin dute elkarren kontra joan, eta bien arteko orekari eutsi behar diogu hemen

Gure eskualdeko landa garapena bultzatzeko elkarteak badauzka urte batzuk, eta sortu zenean izen dotorea ipini zioten: Urremendi. Beharrezkoa zen, eta oraindik ere bada, gure herriek nortasuna galdu barik aurrera egitea, eta landa garapenean zein turismo ereduetan iraunkortasuna bermatzea ez da erraza. Bide horretan, aurrerantzean ere proposamen zehatzak garatzen pozarren parte hartuko du Busturialdeko Bilduk.

Hala ere, elkartearen betebeharrak larregi zabaldu dira azken urteetan, eta lehentasunak zeintzuk diren ahaztu egin delakoan gaude. Izan ere, landa garapenetik harantzago bestelako zerbitzuak sortu zituen Urremendik udalentzat: Gazte Plana, aldizkaria... berez, beharrezkoak dira denak, eta halakoak egitearen alde dago Bildu, baina ez dugu pentsatzen Urremendiri tokatzen zaionik halako zerbitzuak eskaintzea. Udalek urtero ordaintzen dituzte Urremendiren aldizkariari edo Gazte Planari dagozkien kuotak, eta diru horren emaitza ez da herrietan ikusten. 2011n, esate baterako, 85.000 eurotik gora eman dira aldizkarirako, eta hiru ale baino ez dira argitaratu urte guztian. Pentsatzekoa da, diru horrek beste zuloren batzuk tapatu dituela aldizkaritik harantzago.

Gazte Planari dagokionez ostera, beste bat da ikusten dugun traba nagusia: herrian bertan kudeatzen ez bada, gaitza da jakitea herriko gazteek zer gura eta behar duten. Azken batean, Urremendiko teknikariak ez dute herri bakoitzeko egoera zuzenean ezagutzen eta dirua eskurtsioetan, kirolaren gaineko berbaldietan, bidaietan... gastatzen da. Ez daukagu dudarik gazteek ondo pasatuko dutena holakoetan, baina hori da behar dutena? Guk pentsatzen dugu gazteen parte hartze zuzena bideratu behar dutela leku bakoitzeko udalek, eta eurentzat diren ekintzetan ordaindu eta bidaiatu baino gehiago egin behar dutela gazteek.

Horietan arlo bietan ez gatoz Urremendiren lekuarekin bat. Horregatik erabaki du Busturialdeko Bilduk, zerbitzu horietan ez parte hartzea datorren urtetik aurrera. Bilduk kudeatzen duen udaletako aurrekontuetan ez da partidarik zabalduko Urremendi aldizkariarentzat eta Urremendiko Gazte Planarentzat. Herrietan egingo dira planak eta beharrezko ikusten den lekuetan baita herritarrekin komunikatzeko proiektuak ere, baina herrian bertan sortuta eta herriarentzat.

Horrek ez du esan gura Urremendi onartzen ez dugunik, eta landa garapenean lan egiten jarraituko dugu Urremendi barruan eta Urremendirekin. Horregatik, bai landa garapenari bai turismoari dagozkion kuotak onartu egingo ditugu 2012ko aurrekontuetan.

Eskualde honek turismoari eustea ederto dago, baina nortasuna ezin du bide horretan galdu. Gero eta zabalagoak dira turismo berdeari lotutako proiektuak mundu guztian, eta guk ere horretan sakondu gura dugu. Azken batean, landa garapenak eta turismoak ezin dute elkarren kontra joan, eta bien arteko orekari eutsi behar diogu hemen. Berba batean esateko, Bilduk erakutsi gura dau gauzak beste era batera kudeatzea posible dela, eta garapen eredu bakarra ez dagoela. Guk, garapen iraunkorrenaren alde egingo dugu, orain artekoak ez digulako ez urrerik ekarri ez mendiak mantentzen lagundu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo