GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ainara Lertxundi Kazetaria

Saturrarango eta egungo izarrei

Victoriak bere seme Alexen jertsea bularraren kontra estutzen du goxo-goxo baina malkoak begietan. Begirada galduta du. Bere altxorrik preziatuena kendu diote. Semea berreskuratzeko itxaropena du orain lagun bakarra, krudelkeriari aurre egiteko lagun bakarra. Baina hori ere lapurtuko diote.

Juliak ezin du bere alaba jaioberriaren gosea ase. Haren negarrak barrua astintzen dio, ez ordea espetxea zaintzen duten mojena. Esnerik gabe, baliabiderik gabe, haurra esku artean hilko zaio.

Beldurrak eta maitasunak bultzatuta, Jesusak umea mojen eskuetan utziko du, etorkizun hobea izan dezan. Betiko agur esan baino lehen, muxu bana eman dio masailetan. «Amak beti maiteko zaitu, ez ahaztu hori inoiz», esan dio ozta-ozta. Bulegoaren ateak itxi orduko, ez du berriro haren berririk izango.

Victoria, Julia eta Jesusa «Izarren argia» filmaren protagonistak dira. Saturrarango espetxea beraien infernua bilakatu da. Vallejo-Najera doktorearen tesiei jarraituz, kartzelako zuzendaritzak preso emakume guztiei beren seme-alabak kentzeko agindua eman du. Ez da fikzioa, benetako istorioa baizik. Hala gertatu zen Saturraranen, Madrilen...

1936ko estatu kolpearen ondorioen artean, oso gutxi dakigu arrazoi ideologikoak direla-eta lapurtu zituzten umeei buruz. Ikerketa gutxi batzuk besterik ez daude. Ricard Vinyes historialariak gaiaren gainean idatzitako ikerketa txukuna -«Frankismoak galdutako haurrak»- jada ez dago salgai eta liburutegietan besterik ezin da aurkitu. Baltasar Garzon epaitzen duen epaimahaiak ez du Vinyes lekuko gisa onartu, haren azalpenek sistema frankistaren ankerkeria agerian uzten baitute.

Momentuz, gaiari bide judizialetik heltzeko modu bakarra Argentinako Maria Servini de Cubria epailea da, lapurreta horiei buruzko informazio zehatza eskatu baitio Madrili.

Gizartea zorretan dago ama eta emakume horiekin, baita egun beren umeak bilatzen ari direnekin ere. Isiltasuna ez da bidea. Zerbait dakitenek aukera ona dute beraz hitz egiteko, atzo eta gaur gertaturikoa argitzea ezinbestekoa baitugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo