Mikel Aramendi Kazetaria
Bada epikarik oraindik meatzean
Grasberg meatzean diharduten ia 20.000 langileek greba egin dute irailaren 15etik abenduaren 14ra bitartean. Meategietako greben usadio zaharrean. Konplimendurik gabe. Aurka egin dieten tropek ere ez dutelako konplimendurik erabili tiro egiterakoanErauntsia amaitzear ikusten duenaren lasaitasun imintzioak salatzen du askotan, beste ezerk baino gardenago, ordura arte hark barnean gorde nahi izan duen kakalarria. Eta, itxura denez, horixe gertatu zitzaion iragan asteburuan Richard C. Adkersoni, Freeport-McMoRan munduko urre eta kobre ekoizle nagusienetakoa den enpresaren buruari: «Grasbergen izan ditugun lan-eten eta segurtasun arazoek kaltetu dizkigute azken urte laurdeneko emaitzak. Halaz eta guztiz, grebaren erdian ere, gure jarduera operatiboa, bla, bla, bla», zioen... konpainiaren mozkinak 2011ko azken hiruhilekoan %59 erori direla jakinarazten zuen bitartean. Eta hara non munduaren zati handi batek jakin duen Grasbergen greba bat izan dela. Eta beste parte batek Grasberg badela. Eta baten batzuk enteratuko ziren Freeport badela.
Ez dira hutsegite larriak ezjakintasun horiek, ez pentsa. Urruti, oso urruti dago Grasberg meatzea gugandik... baita haren jabe ahalguztidun Freeporten Arizonako bulegoetatik ere. Ginea Berrian dago, Indonesiaren agintepeko Papuan, Puncak Jaya mendi ikusgarriaren ondo-ondoan. Itsas mailatik 4.270 metrora... zegoen hasiera batean hobia; orain, ehunka metro beherago etorrita dago hiruzpalau kilometroko diametroa duen zulo ikusgarria. Infernuaren begi-zuloa dirudien hartatik ateratzen dira urtero 600.000 tona kobre, 60 tona urre eta 175 tona zilar baino gehiago. Noski, horiekin batera, milioika tona harri eta lur kanporatzen da, «garbiketa» prozesuaren ondorioz Ajkwa ibaiaren arroa lohi pozoitsuz betetzen ari direnak. Horregatik, oraintsu arte, erakunde ekologistetako kideek bakarrik zuten gure artean Grasberg meategiaren berri.
Munduko urre meategi emankorrena eta kobre ustiategi nagusietakoa da Grasberg. Bide batez, Freeporten harribitxia da, haren irabazien parterik handiena handik datorrelako. Baita Indonesiako estatuaren diru sarrerarik mardulena ere, aurrekontuen %10 inguru. Berez, Suhartoren garaietan meategia abian jarri zenetik, Freeport eta Indonesiako estatuaren arteko elkarlana guztiz berezia izan da, haren zaintzaz arduratzen diren eliteko tropa indonesiarrak konpainia estatubatuarrak zuzenki ordainduak izateraino. Kasualitatez edo, 1988-1995 bitartean, Henry Kissinger izan zen Freeport-McMoRan konpainiaren arduradun gorenetakoa.
Bada Grasberg meatze ostendu horretan diharduten ia 20.000 langileek greba egin dute irailaren 15etik abenduaren 14ra bitartean. 90 egunez. Meategietako greben usadio zaharrean. Konplimendurik gabe. Instalakuntza erabakigarrietan sabotajeak eginez, besteak beste. Aurka egin dieten tropek ere ez dutelako konplimendurik erabili tiro egiterakoan. Enpresak, azkenean, soldatak %37 (herena baino gehiago, alegia) igotzea onartu du, eta Adkersonek lasaitua hartu duela ematen du; beste bi hilabetez luzatu den Peruko Cerro Verdeko greba ere amaitu delako, dirudienez.
Baina hau dena ez da gure telebistetan agertu. Grasbergen ez zegoen Txilekoa bezalako kulebroi dramatikoa antzezteko aukerarik.