GARA > Idatzia > Kultura

Bertso Eguna, Euskal Herriko txoko guztietatik elkartearen mende laurdenari begiratuz

43 urtez Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak Bertso Eguna ospatu izan du urtarrilean Donostian, hiriburuko festa egun nagusiaren bueltan betiere, hilaren 20aren inguruan. Datorren igandean ospatuko dute aurtengo Bertso Eguna Kursaal auditoriumean. Eta 43. festa hau berezia izango da, elkarteak mende laurdena betetzen baitu. Hala, historia horri errepasoa egingo diote, eta beste hainbat sorpresa ere antolatu dituzte bertsoz eta doinuz betetako eguna ospatzeko.

p040_f01_199x112.jpg

M. LARRINAGA | DONOSTIA

«Hitzarekin eta soinuarekin jolasteko eta bat-batekotasunaren magiaz gozatzeko eguna» izango dela esan zuen atzo Nerea Txapartegik, Donostiako Udaleko kultura ordezkariak, Bertso Egunari buruz. Datorren igandean izango da Donostiako Kursaalen, eta eguerdiko hamabietan hasita gauera arteko festa izango dela agindu zuten antolatzaileek.

Donostiako Alde Zaharreko kaleek emango diote ongietorria Bertso Egunari. Izan ere, bertako kaleetan ibiliko dira Arrate Illaro, Xebastian Lizaso, Maddi Ane Txoperena, Xabier Sukia, Eneko Abasolo Abarkas, Alaia Martin eta Eneko Lazkoz. Ibilbidean Victoria Eugenia antzokiko balkoietan, Bretxako merkatuan eta Konstituzio plazan abestuko dute, Iker Iriartek jarritako gaiei erantzuna emanez.

Arratsaldeko seietan izango da eguneko ekitaldi nagusia. Kursaalen sartzen diren 1.800 ikus-entzuleentzako 300 sarrera besterik ez dira geratzen dagoeneko. Ekitaldiari Jon Azpillaga bertsolariak emango dio hasiera, 1987an izandako Bertsolari Egunak Pasaian jaio eta egun Mutrikun bizi den 76 urteko bertsolari hori omendu baitzuen, eta hogeita bost urteren ondoren, ekitaldia hasteko ardura eman dio Bertsozale Elkarteak. Izan ere, edadetua den arren, Azpillagak ez dio bertsotan egiteari sekula utzi, bertsolariak hil arte ez baitio bertsoak egiteari uzten, Iñaki Muruak, Bertsozale Elkarteko ordezkariak, atzo egindako aurkezpen ekitaldian esan zuenez.

Ondoren, hogeita bost lagun izango dira kantuan taula gainean. Azpillaga bera, Imanol Lazkano, Andoni Egaña, Beñat Gaztelumendi, Odei Barroso, Maialen Lujanbio, Julio Soto, Oihana Bartra, Nerea Elustondo, Aitor Sarriegi, Manex Agirre, Anjel Mari Peñagarikano, Unai Iturriaga, Aitzol Barandiaran, Amets Arzallus, Iñaki Viñaspre, Aitor Mendiluze, Maddi Sarasua, Aimar Karrika, Sustrai Colina, Onintza Enbeita eta Jexux Mari Irazu, alegia. Euskal Herriko txoko guztietako bertsolari eta gai-jartzaileak izango dira Kursaalen, «bertsozaleen aniztasunari» erantzuten saiatu baita elkartea.

Arratsaldeko ekitaldian ikusiko diren emanaldietan mende laurdenaren urteurrena oinarri izango den arren, «horrek ez du esan nahi horri lerrotuta joango denik», Muruak azaldu zuenez. Hala ere, ez zuen egitaraua gehiegi azaldu nahi izan, «bertsozaleentzako sorpresa» gorde nahi baitzuen.

Ekitaldi hori Bertsoa.com web orrian zuzenean jarraitu ahal izango du nahi duenak, eta iluntzean, Eitb.com-ek ere emango duela azaldu zuen Muruak.

Afalostean bat-batekoak

Ekitaldi nagusiaren ostean, 21.00etan afaria eta festa egingo dute NiNeu Kursaal jatetxean. Bertan, Maite Berriozabal gai-jartzailearen esanetara, Patxi Etxeberria, Julen Zelaieta, Iratxe Ibarra eta Izar Mendiguren arituko dira bat-batean. Horrez gain, bertso musikatuak prestatu dituzte Ander Lizarraldek eta Unai Muñoak, eta Eñaut Agirrek bertso historikoak harilkatu ditu. Hiru hauekin Imanol Kamio eta Aitor Atxega musikariak arituko dira laguntzen. Azkenik, Zarauzko Bertso Eskolakoek «Bertsolari» filmean oinarritutako antzerkia ere prestatu dute egun horretarako.

Sarrerak Bertsosarrerak.eu atarian erosi ahal izango dira. Hala ere, afarirako sarrerak agortuta daude, eta arratsaldeko ekitaldirako 300 bakarrik gelditzen dira. Horiek lortzeko prezio ezberdinak jarri ditu elkarteak: alde batetik, arruntak 18 euro balio du, bazkideek 12 euroan eros ditzakete, eta, azkenik, 16 urte baino gutxiagokoentzat 7 euroan daude salgai. Argibide gehiago nahi duenak 943 69 41 29 telefonora deitu beharko du.

ARRAKASTA

Bertso Egunerako sarrerak Bertsosarrerak.eu atarian eros daitezke. Afarirako sarrerak agortu egin dira jadanik, beraz, ekitaldi nagusirako txartelak lor daitezke bakarrik, baina 300 besterik ez dira gelditzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo