Garoņako erreaktoreak segurtasun arazo bat du, baina Nucleor eta CSNrentzat ez da arazo
BWE/2-5 motako erreaktore nuklearrek kontrol barretan marruskadura arazoak izan litzakete, batez ere lurrikara bat gertatuz gero, General Electric-ek, erreaktore mota horren fabrikatzaileak, txosten batean azaldu duenez. Mota horretakoa da Garoñako erreaktorea, eta zentral horren jabeak txosten horren berri bazuela jakinarazi zuen atzo; izan ere, joan den irailean jaso zuen txostena, baina ez zuen horren berri eman, ez omen dio-eta garrantzi handirik ematen, erreaktoreen fabrikatzaileek «egin behar dituzten jakinarazpenetako bat baino ez» baita. CSN Segurtasun Nuklearrerako Kontseilu espainolak Garoñan egin berri dituen erresistentzia proben gaineko txostenak ere ez du erreaktorearen segurtasun arazo hori aipatu ere egiten. Nucleorrentzat eta Kontseilu horrentzat, PPk Estatuko Gobernuaren ardura hartutakoan, garai txarra zen horrelako arazoen berri emateko, Gobernu berriak Garoñaren jarduera luzatzeko asmoa duela jakinda. Nolanahi ere, zalantzarako horrenbeste motibo ematen dituen zentralaren iraupena nola edo hala luzatzeko erabakiak interes handi bat uzten du agerian. Dozenaka mila herritarren segurtasunaren gainetik jarri duten interes pribatua, hain zuzen.