Ikas-Bik oinarrizko lana indartuko du hezkuntza sarean elebitasuna hedatzeko
Arantxa MANTEROLA | BAIONA
Zuzeneko informazioaren garrantziaz jabetuta, hezkuntza publikoan elebitasuna bultzatzen duen Ikas-Bi sareak ikastetxeetan, hots, «guraso, irakasle eta ikasleak biltzen dituen oinarrizko eremuan» kanpaina abiatuko du. Hala iragarri zuten atzo Baionan elkarteko ordezkariek.
Joan den irailean Akademia Ikuskaritzari zein Euskararen Erakunde Publikoari (EEP) egindako kritika gogorrak berretsi zituen Thierry Delobel elkarteko lehendakariak.
Lehenengoaren murrizketa etengabeak, batez ere 2007tik goiti, salatu zituen, bai eta jarrera horren hainbat adibide eman ere; besteak beste, formakuntzan zeuden hiru irakasle euskaldun Bearnoko eskoletara bidali izana edota klase berriak irekitzeko ezarritako oztopoak.
EEPri zuzenduriko hitzak (egiturari «eta ez iritsi berri den Frantxua Maitia egungo buruari») ere ez ziren gozoak izan. Bere eginkizun nagusia, -hezkuntzako eragile guztiak koordinatzea, alegia- ez duela betetzen eta bere jardunbidea «teknokrata» dela aurpegiratu zion.
Informazioa lehenetsi
Ingurumari honetan, bere lanari indar berri bat ematea deliberatu du Ikas-Bik. Hala, Mixel Esteban arduratuko da zeregin hori koordinatzeaz. Zuzeneko informazio eta harremanaren bidez, irakasle eta ikasleengan motibazioa piztea izango da kanpainaren funtsa.
Gurasoen eskaeran oinarrituta, klase berrien irekiera landuko dute, bereziki hiriguneetako ikastetxeetan; bestalde, bederen Haur Hezkuntzan ikasgaiak ehuneko ehunean euskaraz izango dituztenak, Biarritzeko Alsace ikastetxean, kasu. Dagoeneko abian diren klaseen itxieraren aitzinean, berriz, mobilizazioa bultzatuko dutela agindu zuten. Horrez gain, hezkuntzako lehen mailako eskaintzak bigarren mailan ere jarraipena izan dezan saiatuko dira.
Ahalegin horretan, zenbait eragile bidelagun izango ditu Ikas-Bik; esaterako, EHIGE guraso elkartea. Bertako koordinatzaile Lurdes Imazek bere sostengua ekarri zien atzo.