Donostiak hartuko du EHEren Euskaraz Bizi Eguna martxoaren 17an
N.G. | DONOSTIA
Euskaraz Bizi Eguna ospatzeko hiriburu bat hautatu dute aurten, lehen aldiz. Donostiak hartuko du martxoaren 17an hamaika ekitaldi ekarriko duen egitaraua. «Harrotasunez, baina harrokeriarik gabe, noski, euskaraz bizi nahi duen herriari merezitako leihoa eskaini nahi izan diogu, eta Donostian, Txillardegi zenaren bizilekuan topatu dugu», azaldu zuten EHEko kideek.
Gipuzkoako hiriburuan eskainitako prentsaurreko batean azaldu zutenez, «Euskal Herri euskaldunaren bidean urrats bat gehiago eman eta euskaraz bizi den herriaren erakusleiho izan nahi du Donostian egingo dugun Euskaraz Bizi Egunak». «Jaia eta aldarrikapena uztartuz, euskaltzale andana batu nahi dugu martxoaren 17an», adierazi zuten.
Egitarauaz, arratsaldeko manifestazioa baino ez zuten zehaztu, «Euskalduna naiz eta harro nago» leloa izango duena. Nabarmendu zutenez, «asimilazioak eta hizkuntza jokaera sumisoek utzi duten eragina gainditu behar dugu, euskaldunak garela eta harro gaudela, eta bidea harrotasunez egingo dugula esan nahi dugu».
Iragarri zutenez, Donostian izango den manifestaldia ez da nolanahikoa izango, «musikak, koloreek etas euskaldun izatearen harrotasuna adierzteko ikurrek, eta batez ere harrotasun hori sentitzen duten parte-hartzaileek, protagonismo berezia izango abitute mobilizazioaren baitan».
Deialdi berezia ere egingo zaie eragileei eta alderdiei, «bizi dugun aldaketarako testuinguru politikoan, euskalduntasuna abertzaletasunaren parean jar dezaten». Gainera, datozen asteotan manifestazioari begira atxikimenduak biltzeko kanpaina ere egingo dute EHEko kideek bere webgunean (euskalherrianeuskaraz.org).