GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Erremontea

Josu Baleztena, bokaziozko pilotari baten agurra

2010eko udan izandako lesio larriak pilota profesionala uztera behartu du azkenean eratsundarra. Lehenik eskuz eta erremontean gero, bere gaztaroa pilotari eskaini dio eta omenaldia egingo diote bihar Galarretan.

p039_f01.jpg

Asier AIESTARAN

Oriamendi enpresak Urrezko Erremontea 2011 izeneko jaialdi berezia egingo du bihar Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Iazko pilotaririk onena sarituko dute bertan -ez dute izena ezagutarazi-, baita enpresaren iritziz 2011n erregularrenak izan zirenak ere; alegia, Javier Urriza, A mailan, eta Endika Barrenetxea, B mailan. Sari horiez gain, Oriamendik omenaldi berezia egingo die Imanol Badiola eta Josu Baleztenari, lesio larriak izan ostean agur esan behar izan baitute biek.

Kasu bereziena Baleztenarena da. Ia zazpi urtez esku pilotan profesional mailan aritu ostean, Aspek eratsundarrari kontratua ez berritzea erabaki zuen, eta erremontera egin zuen jauzi 2008an. Lau hilabetez entrenatzen ibili ondoren egin zuen debuta, eta jokorik onena egiten ari zenean izandako lesio batek -2010eko udan pilotakada batek eskafoidea hautsi zion- erretiratzera behartu du azkenean.

«Paretara itsatsi zen pilota bat eraman nahian, besoa luzatu nuen eta pilotak bete-betean eman zidan eskumuturrean. Eskua itsu-itsuan sartu behar izan nuen eta pilota saskian sartu beharrean zuzenean eskura joan zen. Horrelako makina bat kolpe ikusi izan ditut urte hauetan, baina, dirudienez, niri hezurraren erdi-erdian eman zidan eta akabo», gogoratu du Baleztenak.

Hiru sendagile eta bi ebakuntza

Urrizarekin bikote osatuz Nafarroako Txapelketa jokatzen ari zela izan zuen lesioa, eta emaitza onak lortzen ari zela ikusita, ez gelditzea erabaki zuen: «Lehen mailako pilotari asko zeuden lehiaketa bat zen, eta ondo ari ginenez, aurrera segitu nuen. Minez jokatu arren, finaleraino iritsi ginen. Hori bukatu zenean erresonantzia egin zidaten, hezurra hautsia zegoela ikusi zen, eta medikuak esan zidan segituan operatu beharra zegoela».

Eta hortxe hasi zen nafarraren gurutze-bidea. «Hiru sendagile pasa nituen, Donostiako bi eta Madrileko beste bat. Lehen ebakuntza 2010eko urriaren 20an egin zidaten. Hurrengo urteko martxoan berragertu nintzen, baina handik hilabete eta erdira gelditu egin behar izan nuen minaren erruz. Uztailean berriz operatu ninduten, baina lesioak ez du soluziorik izan».

Baleztenak aitortu digunez, min hartuta egon den denbora tarte hori gogorra egin zaio, batez ere etorkizuna ez zuelako batere argi ikusten. «Eskumuturra ezin dut atzeraka tolestu. Atzera egiteko unean sastada bat nabaritzen dut. Zesta hartu eta berehala hasten zait mina. Apurka, ilusioa galtzen joaten zara. Ikusten duzu ezin duzula nahi duzun hori egin», dio.

Eta egoera horren aurrean, frontoira joateari ere utzi egin zion eratsundarrak: «Lesionatuta egon naizen denbora horretan ez nintzen Galarretara joaten. Mundu guztia galdezka hasten zitzaidan, ea noiz bueltatu behar nuen, lesioa zer moduz zihoan... eta zaila egiten zitzaidan hori eramatea, banekielako kontua ez zihoala batere ongi. Orain, erretiratu ondoren, hasiko naiz berriro joaten».

Izan ere, behin pilotari bezala erretiroa hartuta, taxistarena izango du bere ogibide bakarra, Irunen orain dela hiru urte hartu baitzuen plaza. «Lan sufritua da, bai, baina hori ere pilotarengatik aukeratu nuen batez ere. Ordutegi finkorik ez daukazunez, errazagoa da entrenamenduetara eta partiduetara joateko tartea hartzea. Hala ere, hilabete bukaeran zenbakiak atera beharra dago, eta horretarako ordu asko sartu behar dira», esan du umoretsu Baleztenak.

Hala, esan bezala, bihar merezitako omenaldia jasoko du Galarretan. «Erremonte mailan ez naiz inoiz deus izan, eskuz ere ez, eta halako omenaldi bat jasotzeak sekulako poza ematen dit. Jendea nitaz oroitzen dela esan nahi du eta detaile horrek ilusioa egiten du. Senideak ere etorriko dira eta polita izango da».

BI modalitate

Baleztenak sei urte eta erdi egin zituen Aspen profesional moduan, eta ia beste lau bete ditu erremontean.

«Presio handia sentitzen nuen»

Erremontera jauzi egin aurretik, sei urte eta erdiz jardun zuen Baleztenak esku pilotan profesional mailan, Asperekin 270 partida jokatuta. Oroitzapen gazi-gozoak ditu garai hartaz nafarrak, batez ere amaiera ez zelako berak nahi bezalakoa izan. «17 urterekin aurrekontratua egin nuen eta 18rekin debutatu nuen. Aldageletako tertuliekin gogoratzen naiz asko, partida jokatu baino bi ordu lehenago joaten ginelako frontoira. Asko urduritzen nintzen garai haietan. Oso gaztea nintzen, debutatu berria, enpresa ere nahiko berria... Gainera, orduan ez nuen lanik egiten eta pilotara bakarrik dedikatzen nintzenez, presio handia sentitzen nuen. Orduan pilota dena zen niretzat. Erremontera pasa nintzenean, berriz, jada lanean hasita nengoen, ez nintzen pilotatik bizi, eta beste lasaitasun batekin jokatzen nuen. Eskuz jokatzen duzunean telebistan agertzen zara eta hurrengo egunean denek egiten dizute komentarioren bat edo beste, `zer, atzo partidu txarra' eta antzekoak. Hori etapa bat izan zen, erremontekoa beste bat, eta orain harmailetatik edo telebistatik begira egotea tokatuko zaigu», onartu du. A.A.

ALDAKETA

Gaztetan erremontean jokatu ez arren, lau hilabete nahikoak izan zituen profesional mailan jokatzen hasteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo