GARA > Idatzia > Euskal Herria

Itzubaltzeta gaztetxea, Gobela ibaia bideratzeko lanetatik salbu

Errekagane aldean Gobela ibaia bideratzeko obrak gauzatzean, inguru horretako eraikin batzuk, tartean Itzubaltzeta gaztetxea, salbatzea erabaki du uholdeetako batzorde bereziak, EAJren eta Bilduren aldeko botoei esker. URA agentziaren arabera, lanok amaitzeko epea bi urtetik gorakoa da, eta bitartean, segurtasun arrazoiak tarteko, inork ezin izango ditu pabiloi horiek erabili. EAJk eta Bilduk espero dute gaztetxeko jendearekin irtenbide adostua aurkitu ahal izatea.

p014_f01_149x097.jpg

Jon ADAN | GETXO

URAk, EAEko uraren agentziak, bi proposamen aurkeztu zituen Errekagane aldean Gobela ibaia bideratzeko obrak egiteko: lehenbiziko proposamenaren arabera, inguruko eraikin eta pabiloi guztiak eraistea beharrezkoa zen; bigarrenaren arabera, aldiz, soilik pabiloirik zaharrenak, estalki laukoak, lirateke bota beharrekoak. Horiek horrela, bigarren proposamen hori onartu zuen atzo Getxoko Udalak, uholdeetako batzorde berezian, EAJren eta Bilduren aldeko botoei esker, PSEren abstentzioarekin eta PPren ezezko botoarekin. Hartara, inguruko pabiloi batzuk salbatzea lortu dute, horien artean, Itzubaltzeta gaztetxea.

URA agentziak Gobela ibairako eratu duen egitasmoko obra handiaren testuinguru orokorrean kokatu behar dira Errekagane kaleko alde horretan aurreikusitako lanak. Proiektu horren hirugarren fasea da, eta Leioako zubiaren eta Valdes kaleko gainezkabidearen arteko tartean eragingo du. Inbertsio handia egin beharko dute lan hori gauzatzeko (13 milioi euro inguru.

Getxoko Bilduk, EAJrekin aurrekontuak onartzeko negoziazio prozesuan dabilela, Imanol Landa alkatearen gobernu taldea bultzatu du Itzubaltzeta gaztetxearen aldeko erabakia hartzera. Imanol Landak hori ezeztatu egin zuen, ordea, atzoko prentsaurrekoan. Adierazi zuenez, «erabaki horrek ez du zerikusirik Bildurekin aurrekontuak negoziatzeko zabaldutako prozesuarekin, erabat aldebakarrekoa den erabaki baten aurrean gaude».

Alkatearen hitzetan, bi alternatibak «baliozkoak eta bideragarriak» dira, baina EAJk garbi izan du eraikinetan eragin txikiena izango duen proposamenaren alde egingo duela, hartara, Itzubaltzeta gaztetxea man- tentzea posible delako. Nolanahi ere, lanok amaitzeko epea bi urtetik gorakoa da URAk, EAEko uraren agentziak, aurreikusitakoaren arabera, eta bitartean inork ezingo ditu inolaz ere pabiloi horiek erabili, segurtasun arrazoiak tarteko.

Landak esan zuenez, epe horrek nahikoa izan behar luke egun pabiloi horiek okupatzen dituen gazte taldearekin hasitako elkarrizketa prozesuari amaiera adostua emateko. Ildo horretatik gaineratu zuen EAJko gobernu taldeak desadostasunak eta gatazkak konpontze aldera, gazte kolektiboarekin elkarrizketaren eta akordioaren alde egingo duela, gainerako eragile sozial, politiko eta instituzionalekin beti egin izan duen bezala.

Bestalde, adierazi zuenez, EAJn jakin badakite bide zailenaren eta korapilatsuenaren aldeko apustua egin dutela, baina bide hori ibiltzeko prest daudela berretsi zuen, desberdinen arteko elkarguneak bilatzeko; alegia, udalerrian bizikidetza hobetuko duten elkar ulertzeko formulak ahalbidetuko dituzten elkarguneak topatzeko.

Bildu eta auzokideak

Horren harira, Maitane Nerekan Bilduko zinegotzi eta bozeramaileak GARAri egindako adierazpenetan azaldu zuenez, koalizioa hasieratik azaldu da Itzubaltzeta gaztetxea mantentzearen alde. Horregatik, «ezinbestekotzat» jo zuen irtenbidea gaztetxeko jendearekin eta gaztetxearen inguruan sortu den plataformarekin batera hartzea. «Itzubaltzeta gaztetxea oso proiektu garrantzitsua da auzoan, urte asko darama lanean, eta eskaintza zabala eta polita eman dio herriari», adierazi zuen.

Auzokideen elkartekoek ere ontzat eman dute Udalak hartutako erabakia, eurak ere beti egon baitira ahalik eta kaltetu gutxien izatearen alde, eta hein horretan, «emandako aukeretatik, jendeari kalte gutxien egiten diona aukeratu dute», adierazi diote GARAri.

ERABAKIA

Uholdeetako batzorde berezian hartutako erabakiarekin (EAJ eta Bildu alde, PSE abstentzioa eta PP kontra) Errekagane aldean pabilioi batzuk mantentzea lortu dute, horien artean Itzubaltzeta gaztetxea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo