GARA > Idatzia > Kultura

«Hil arte bizi», heriotzari eta adiskidetasunari buruzko tragikomedia

Javier Veigaren «Amigos hasta la muerte» testua euskaratuz sortu du Txalo konpainiak «Hil arte bizi» antzezlana. Adiskidetasunari eta heriotzari buruzko tragikomedia Donostian izango da hilaren amaieran.

p042_f01_148x088.jpg

M. LARRINAGA | DONOSTIA

«Heriotzaz hitz egiten duen komedia bat eta adiskidetasunari buruzko tragedia bat da» «Hil arte bizi» antzezlana, esan zuen atzo Sara Cozar antzezleak, bizitzeko gogoaz ari den tragikomedia. Oinarria Javier Veigaren «Amigos hasta la muerte» lanean du, baina Iker Galartza aktoreak azaldu zuenez, originala ez zen Euskal Herrira erabat egokitzeko modukoa. «Protagonistak tunako kideak ziren eta `Clavelitos' abestia kantatzen dute momentu batean eta beste batean tangoak abesten dituzte argentinar azentuarekin. Oso polita gelditzen da, baina ongi eginez gero. Guk egiten badugu Veigak nahi duenaren gauza guztiz kontrakoa aterako litzateke», azaldu zuen Galartzak. Hori dela-eta, hainbat aldaketa txertatu dituzte testuan. Hala nola, «Clavelitos» abestiaren eta tangoen ordez trikitixa eta Gozategi taldeak egin duen musika izango dira entzungai Donostiako Antzoki Zaharrean hilaren 27ko eta 29ko emanaldietan.

«Nahaste handiak daude istorioan zehar», azaldu zuen antzezleak, eta «gauza asko sentituko ditu ikusleak», gehitu zuen. Gainera, aktoreek ere (Sara Cozar, Iker Galartza eta Joseba Usabiaga) asko gozatzen dute testuarekin, baita taula gainean ere. «Oso ondo pasatzen dugu antzezten eta hori oso garrantzitsua da antzerki batean», esan zuen Cozarrek.

«Drama abiapuntu izanda komedia egiteko aukera paregabea ematen zuen testuak», azaldu zuen Galartzak; hala, emaitza tragikomedia bat izango da. Obrak hiru lagunen harremana azaltzen du. Nacho, Angel eta Maria dira protagonistak. Hiru lagun, betiko lagunak direnak, gainera. Bi gizon eta emakume batek osatutako talde honetan jakina da gutxienez pare bat maitasun istorio egongo direla. Berez, betiko lagunak izango dira, baina zerbait larria gertatuko da eta beraien arteko adiskidetasuna kolokan jarri. «Zer egingo zenuke zure bikoteak zure lagun onenarekin alde egingo balu? Biei barkatuko zenieke edo bati bakarrik? Eta heriotza tartean bada, dena ezberdin ikusten da?», halako galderei erantzungo dio «Hil arte bizi» antzerkiak.

«Gozatzeko testua da hau eta gozagarria da aktoreen lana», azaldu zuen Txalo ekoizpen taldeko ordezkariak. Izan ere, orain dela hamabost egun Andoainen antzeztu zuten lehen aldiz «Hil arte bizi», eta Txalo ekoizpen taldekoen hitzetan, antzezlanak harrera ezin hobea lortu zuen gau hartan.

Donostiako Antzoki Zaharrean hilaren 27 eta 29an izango dira emanaldiak, 20.00etan. Sarrerak 18,15 euroan eros daitezke ohiko bideak erabiliz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo