GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Estrasburgoren beste zigor bat, oraingoan Parisi

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Estatu frantsesa zigortu du bost preso politikori bidezko epe baten barruan epaituak izateko duten eskubidea urratu zielako. Felix Esparza, Kandido Sagarzazu, Inocente Soria eta Lorentxa Guimon euskal presoek ia bost urteko espetxealdi prebentiboa jasan zuten, eta Ismael Berasategik ia sei urtekoa, Giza Eskubideen Europako Konbentzioak xedatutako epea gaindituta. Eman lezake Estatu frantsesak eskubide urraketak bertan behera utzi baino, Estrasburgok ezarritako zigor ekonomikoak ordaindu nahiago duela, zigor hau ez baita motibo beragatik jaso duen lehena. Giza eskubideen aberria omen denak, izendapen horren bizkar, nahierara jokatzeko eskubidea duela uste du, nonbait. Baina jokaera bertsua du Estatu espainolak, eta bi-biei zigorrak pilatuz doazkie euskal gatazka delakoarekin zerikusia duten eskubide urraketengatik, hots, beren lege propioen aurkako jardunagatik. Euskal presoen eta, oro har, euskal independentismoaren aurka salbuespenezko legedia eraiki dute bi estatuok, baina ez dute aski eta legedi hori ere urratzen dute maiz. Gaur egun Estrasburgokoaren gisako ebazpenek inoiz baino nabarmenago uzten dituzte estatuak; hala ere, horiek egin beharko luketen hausnarketak ez luke irudi kontua izan behar, baizik eta gatazka zahar bat konpontzeko aukera historikoaren gainekoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo