GARA > Idatzia > Kultura

Zientzialariek eskaner barrenean kantari jarri dituzte bertsolariak, euren sekretua deskubritu nahian

Horien gaitasunak liluraturik, zientzialariak bertsolarien burmuinean sartu dira, bertsoak errimatzean informazioa gordetzeko eta berreskuratzeko duten berezko modua lagungarri izan daitekeela uste baitute.

p049_f02.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Topikoek diote mundu mailan punta-puntan den eta Donostian kokaturik dagoen BCBL (Basque Center On Cognition, Brain and Language) ikerketa zentroko langileek eta euskal kulturan errotuak diren bertsolariek ez dutela orain arte harreman handirik izan. Joan den udaberrian topo egin zutenean, segituan ikusi zuten bakoitza nolakoa den. Asier Altunak -«Bertsolari» filma egin zuen zinemagileak- eta Andoni Egañak bisita egin zietenean, ikerlariek ea zenbat denbora hartzen ahal zuten galdetu zieten, eta hauek, arratsaldea libre zutenez, «egun osoa» erantzun zieten, sekulako denbora pila balitz bezala. «Ez, ez. Bi urte izango lirateke», argitu zieten, ordea, zientzialariek.

Zarauzko bertsolariak atzoko aurkezpenari hasiera emateko kontatu zuen pasadizo honek ederki erakusten du bi munduen arteko aldea, baina hori ez da oztopoa bat egin eta bientzako onuragarri izan daitekeen proiektu batean buru-belarri sartzeko.

Manuel Carreiras BCBLko zuzendariari atentzioa eman zion Egañak azaldutako xehetasun batek: kantatzera doala, sortzaile honek margarita bat irudikatzen du buruan, eta petaloen modura hitzak familiaka sailkatzen ditu burmuinean. Hortik ondorioztatu zuen Carreirasek inprobisatzaile hauek burmuineko informazioa antolatzen adituak direla, eta hori ikertzea neurozientzia kognitiborako benetan interesgarria izan zitekeela pentsatu zuen. Neurozientzialariek zalantza dute ea bertsolariek gaitasun horiek burmuinean ideia gehiago pilatzen dituztelako dituzten edo bizkorrago iristen direlako ideia horietara. Bertze modu batera erranda, autopista zabalagoak dituzte ala auto bizkorragoa?

Galdera eta bide berriak

Hemezortzi bertsolarik eginen dituzte probak BCBLko instalazioetan, baita bertso eskoletako ikasleek eta bertsotan ez dakiten euskaldunek ere, hiruren emaitzak konparatzeko. «Probableena beste galdera batekin topo egitea izango da, horixe da ikerketaren edertasuna», adierazi zuen Carreirasek. Eta Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko lehendakaria bat etorri zen ideia horrekin: «Ikerketak galdera gehiago sortzen du. Bertsolariok bezala ari dira, beraz, zientzialariak, guk ere elkarri galdetuz egiten baitiogu eraso eta zirika batak besteari».

Egitasmo hau proposatu zietenean hagitz gustura hartu zutela azaldu zuen, ikerketa eta sustapena eskutik doazelako eta ikertzeko beharra sentitzen dutelako. Halere, garbi utzi zuen bertsolariak ez direla bereziak eta euren ahalmena urtetako entrenamenduaren ondorio dela. Bere ustez, printzipioz, edozeinek dauka bertsolari izateko gaitasuna. Ikerketa honek argitu dezake hori... baita bertze gauza garrantzitsu bat ere. «Jakiteko irrikaz nago zein den Egañaren burmuineko anormaltasuna!», bota zuen Muruak umoretsu.

Txalo beroetatik urrun abestea izan da arraroena

Andoni Egaña jada igaro da zientzialarien eskuetatik. Test psikotekniko bat egin zuen; erresonantzia magnetiko bat -«esan ahalik eta azkarren M letraz hasten diren hitzak», agintzen zioten; «esan ahalik eta txori izen gehien»...-; eta, hirugarren egunean, koplatan eta zortziko txikian erantzun zien ikerlariek jarritako gaiei... ohiko txalo beroetatik urrun, eskanerraren tunel hotzetik. Hori egin zaio arraroena, testuingurutik at kantatzea. M. I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo