GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Paisaia ederrak jantzi dituen elurra iraganen da; bazterkeriaren ekaitza, ostera, ez

Neguko estreinako elurrak paisaia ederrak eskaini ditu Europa osoan; baita, atzotik, Euskal Herri osoan ere. Elur berantiar eta gero eta bakanagoek -azken urteetan elurteak ez dira-eta behinola bezain ugariak- Francois Villonen «Ballade» poemako elur haiek ekarriko dizkio gogora bati baino gehiagori, baina hauek ez dira elur haiek, ezta antzinako edozein elur ere. Gaur egungo elurrak alerta batekin batera iristen dira, eta hedabideetako lehen albiste izaten dira. Nolanahi ere, ezohiko paisaia, bakanagoa delako, hain zuzen, erakargarri gertatzen da, ezerosotasuna eta hotza gorabehera. Argazki eder horien atzean, ordea, hotza bezain egoera gordinak daude. Ukrainan, Polonian, Errumanian... dozenaka lagun hotzez hil direla jakinarazi dute, eguraldiaren ondorioak hizpide. Gehien-gehienak txiroak. Euskal Herrian ere badira paisaia ederraren gogorra kale gorrian jasan behar dutenak. Baina horiek, gero eta lagun gehiagok, inongo alertak iragarri ez duen ekaitza jasaten jarraitu beharko dute, bizitza deserrotu -maiz deserroarazi- horietan etengabe ari du-eta elurra: pobreziaren, bazterkeriaren ekaitza. Kale gorrian daudenen egoera gordina ez da elurraren ondorio.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo