GARA > Idatzia > Kultura

Deabruaren amarruak erakutsiko ditu Stravinskiren soldaduak

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak hogeita hamar ekintza baino gehiagorekin emango dio hasiera bere denboraldi berriari. Horien artean, ugari dira hezkuntza arloa garatzen dutenak; izan ere, alor didaktiko hori orkestraren «muina» da eta kide guztientzako egiten dituzten ekintza guztien artean «garrantzitsuena» da. Lehen emanaldia bihar izango da, non Stravinskiren «Soldadu baten istorioa» txotxongiloen laguntzarekin taulatuko duten.

p044_f01.jpg

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bere denboraldi berria irekitzeko Stravinskiren «Soldadu baten istorioa» hautatu du. Ez da ohiko emanaldia izango, ordea; izan ere, bihar 18.00etatik aurrera, musika kontzertuaz gain, txotxongiloen antzezpenaz gozatu ahal izango dute Kursaalera hurbiltzen diren ikusleek.

«Soldadu baten istorioa» Igor Stravinskik 1918an idatzitako obra da, biolin, kontrabaxu, fagot, tronpeta, tronboi, klarinete, perkusio eta antzezle-talde batentzat. Zirkuko edo feriako giroa gogorarazten duen musika da. Gainera, Charles Ferdinand Ramuz-en testu bat barneratzen du lanak: soldadu gazte bat beti azpijokoan dabilen deabruarekin tratuan ibili ondoren, honek arima erauziko dio azkenean mutikoari. Istorioak agerian jarri nahi du zer-nolako arriskuak dakartzan aberastasuna eskuratzeko irrikak.

Saio hau Musika Familian arloaren programazio barruan sartzen da. Bertan, «giza-balioak eta alaitasuna zabaltzea izango dira denboraldi berri honetarako finkatutako helburuak», azaldu zuten orkestrakoek.

Per Poc txotxongilo talde katalana arduratu da antzerkiaren atalaz. 1989an sortu zuen Santi Arnal-ek taldea eta musikarekiko hurbilketan bide luzea egin du. Gainera, txotxongiloaren mundua ezagutarazteko asmo sendo hori dela medio, hainbat obra egin ditu arte plastikoekin, zinemarekin, musikarekin eta ikus-entzunezkoen munduarekin elkarlanean.

Musikaren munduan egin dituen lanen artean, Per Poc taldeak beste obra garrantzitsu batzuk ere ekoitzi ditu: Brittenen «Tximinia-garbitzailea», Mendelssohnen «Udako gau bateko ametsa», Txaikovskiren «Intxaur-kraskailua» eta Prokofieven «Pedro eta otsoa». Bere ikuskizunak ospe handiko antzokietara iritsi dira, besteak beste, Vienako Konzerthaus-en, Moskuko Antzoki Nazionalean, Bartzelonako Palau antzokian, Castell de Peralada jaialdian, Lizeoko Antzoki Handian, Madrilgo Errege Antzokian edota Bartzelonako Grek jaialdian izan dira.

Musika Gela

Musika Gela izeneko programa orokorrean beste hainbat ekimen ere topa daitezke, biharko emanaldiaz gain. Hala nola eskola-haurrentzako kontzertuak, orkestraren egoitzara bisitak, tailerrak ikastetxeetan, baita entsegu irekiak ere. Gainera, Sinfokids sailaren bigarren denboraldia ari da prestatzen orkestra, DVD formatuan kaleratzeko.

Familiartean ikusteko beste kontzertuak Donostian eta Gasteizen egingo dituzte. Igandean, Arabako hiriburuko Principal aretoan izango dute hurrengo emanaldia, hor ere «Soldadu baten istorioa» eskainiko dute.

Martxoaren 17 eta 18an Stick Dance Quartet perkusio taldeak ia objektu oro musika instrumentu bihur daitekeela erakutsiko du, «Ezustekoen kutxa» izeneko emanaldian. «Frigorifiko bat ere erabiliko dute», aurreratu zuen atzo Mikel Cañadak, hezkuntza saileko koordinatzaileak.

Maiatzaren 12an, Donostian bakarrik, nazioarteko musika estilo ezberdinak eramango ditu orkestrak Kursaalera, «Sheherazade... eta beste ahots batzuk» ikuskizunarekin. Bertan, nazioarteko musika bakoitzaren ezaugarriak errepasatu eta azalduko dituzte, identifikatzen erakusteko. Eta, azkenik, EOSek gonbidatu oso bereziak izango ditu ekainaren 8 eta 9an. Izan ere, Txirri, Mirri eta Txiribitonek 40 urte betetzen dituzte aurten, eta orkestrak ospakizun horretan ere hartuko du parte.

Gasteizko «Ezustekoen kutxa» kontzertuak izan ezik, guztiek sentsibilizazio tailerra izango dute aurretik, musika entzuteko modu aktiboa indartzera bideraturik egongo delarik.

SARRERAK SALGAI

Salgai daude Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertuotarako sarrerak eta 6,50 euro balio dute garestienek. Donostiako saioetarako, Kursaaleko leihatilan, www.kutxasarrerak.net webgunean edo 943 00 12 00 zenbakira deituz eros daitezke. Gasteizekoak berriz, Principal antzokiko leihatilan, 945 16 10 45 telefonora deituz eta www.vitoria-gasteiz.org webgunean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo