GARA > Idatzia > Euskal Herria

Baxoa euskaraz egiterik ez badago, ekaineko azterketak oztopatzeko prest dago Seaska

Ikasleek azterketa hori euskaraz egiteko duten eskubidea bermatzeko borondaterik ez dela salatu zuen Paskal Indo Seaskako lehendakariak atzo, Baionako elkarretaratzean. Berrehun bat lagun elkartu ziren.

p016_f01.jpg

A.B. | BAIONA

Berrehun bat lagun elkartu ziren atzo Baionako Bernat Etxepare lizeoaren aitzinean, eguerdian, baxoa euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatuz.

«Baxoa euskaraz» eta «Euskaraz bizi nahi dut» aldarrikapenak zeramatzaten banderolak eskuetan zituztela, bertan bildu ziren lizeoko ikasle, irakasle zein gurasoak, Seaskako, Hizkuntz Eskubideen Behatokiko, Euskal Konfederazioko eta Kontseiluko ordezkariekin batera.

Ordu erdiko elkarretaratzearen ondotik, frantses hezkuntzari dagokion legearen bi artikulu zehatz gogora ekarri zituzten, argi nabarmenduz, berez, legeak aukera ematen duela azterketak frantsesa ez den beste hizkuntza batean egiteko.

Paskal Indo Seaskako lehendakariak irakurri zituen lege artikulu horiek, eta baxoa euskaraz egiteko eskubidea ez bermatzeko arrazoia arazo tekniko bat izan beharrean, «nahikeria arazo» bat baino ez dela nabarmendu zuen. Legearen arabera, izan ere, irakaskuntzako eta azterketak egiteko hizkuntzak frantsesa izan behar du, baina eskualdeko hizkuntzen eta kulturen irakaskuntzaren beharrei erantzuteko salbuespena egin daiteke.

Horiek horrela, eskubide hori lortzeko helburuarekin, ekainean izango diren azterketak «oztopatu behar baditugu, eginen dugu», ohartarazi zuen Seaskako lehendakariak.

Izan ere, aurten beste behin ere baxoa frantsesez pasatu beharko dute Baionako Etxepare lizeoko ikasleek.

Guillermo Etxebarria Baionako Bernat Etxepare lizeoko zuzendariak ere hitza hartu zuen atzoko agerraldian, eta nabarmendu zuenez, «gure ikasleek bi urtetatik hemezortzi urtera, dena euskaraz ikasten dute».

Hala ere, Frantziako Hezkuntza Ministerioak euskaraz irakasteari inolako baliorik ez diola eman nahi salatu zuen.

«Euskara ez da erakustoki batean, lau berinen artean atxikitzeko ondare bat. Euskara bizi den hizkuntza da, eta azterketetan ere bere tokia ukan dezan galdegiten dugu», berretsi zuen lizeoko zuzendariak.

Euskarazko azterketen zuzenketa ziurtatzeko sortzen diren arazo teknikoen aitzakia jartzen ari diren une honetan, Etxebarriak ihardetsi zuen, azken urteotan beste azterketa batzuk, zehazki, brebeta, euskaraz egiten aritu izan direla.

«Azken urtean frogatu da Errektoretza eta Euskararen Erakunde Publikoarekin Seaskak egin duen lanari esker, arras egingarria zela, eta biziki epe laburrean. Baina, ez dugu inondik ere gauzatzeko borondaterik ikusten», salatu zuen. Euskaraz ikastea eta ebaluaketa aztertua izatea eskubide bat dela oroitaraziz bukatu zuen Guillermo Etxebarriak.

Lizeoko ikasleak antolatzen

Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasleek antolatu zuten atzoko elkarretaratzea. Baxoa euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko talde bat osatu dutela iragarri zuten bertan. Datozen hilabeteetan gai horren inguruan ekimenak egiteko asmoa dutela ere jakinarazi zuten.

Bestalde, datorren martxoaren 31n Deiadar manifestazioan parte hartzeko deia zabaldu zuten. «Baxoa euskaraz izatearen alde ere nonbre handian mobilizatu beharko da», esan zuten.

Araua

Irakaskuntzan finkatuak diren arauen arabera, urte bukaerako baxoaren azterketa nagusitik kanpo azterketa zati batzuk antolatu daitezke kontratupean dauden ikastetxe pribatu edo publikoetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo