Harri-jasotzea Errekor saiakera
Izeta aita-semeek 125 kiloko harri koadroarekin egin nahi dute marka
J.L.
Izeta II.a eta Izeta IV.a, aita eta semea, Abadiñoko probalekuan izango dira gaur, eguraldiak uzten baldin badie behintzat, 12.30etik aurrera. Aiarren helburua 125 kiloko harri errektangularrari txanda librean 125 jasoaldi ematea da, ahalik eta denborarik gutxienean.
Hau ez da izango Abadiñoko San Blas egunean biek egiten duten lehen marka ahalegina, orain dela bi urte pisu bereko harri zilindroarekin ere egin baitzuten marka bera.
Harria ezberdina da, eta orduko denborak eta ez dauka gaurkoarekin zerikusirik. «Errektangularrak ez dauka zerikusirik zilindroarekin. Honek lau izkina dauzka, eta jasotzerakoan kateatu egiten dira. Ez dugu marka honetarako gehiegi entrenatzerik izan, baina bai semea eta bai ni prest gaude honelako zerbait egiteko, eta lan on bat egitea da gure asmoa», esan zuen Izeta II.ak pasa den astean egin zuten aurkezpenean.
Aldi berean, aiarrak garbi utzi zuen Abadiñoko probalekua markak egiteko oso leku ona dela. «Egia esan, probalekua oso egokia da honelako zerbait egiteko, eta San Blas egunean, gainera, oso giro berezia sortzen da bertan. Asko animatzen dute, eta honelako zerbait egiteko aitzakiarik ez duen leku horietako bat da», esan zuen.
Jaialdian ez dira izetatarrak bakarrik arituko lanean, Urdax Magunazelaia gaztea ere bertan izango baita erakustaldia egiten, eta aizkoran, berriz, Bihurri eta Olasagasti arituko dira, betiere kirolariei eguraldiak bertaratzen uzten baldin badie. Arratsaldean, idi-probak izango dira.