Azpiegitura handien aurkako martxan parte hartzera deitu dute talde ekologistek
GARA | DONOSTIA
Donostian bihar egingo den manifestazioan parte hartzera deitu zuten, atzo, hainbat proiektu eta azpiegitura lan handiren aurka lanean urteak daramaten herri mugimendu eta taldeek. Bulebarretik hasiko da, 17.30ean, eta «Gipuzkoa desberdin baten alde, jendarte eredua aldatu: Azpiegitura-lan handiak gelditu!» lema izango du.
Azaldu zutenez, Gipuzkoa lurralde txikia izan arren «hazkunde eta globalizazio ekonomikoaren olatuan igota dago». AHT, errauste planta, Jaizkibelgo portua, Oiartzun-Lezo-Gaintxurizketako plataforma logistikoa, Donostiako metroa, Hondarribiko aireportua handitzea, Zubietako makroespetxea, ingurabideak edo goi-tentsioko lineak aipatu zituzten adibide gisa.
Azken egunotan, hainbat udaletxetan azpiegitura lan handiak gelditzearen aldeko mozioak aurkeztu eta eztabaidatu izana zoriontzekoa dela adierazi zuten. Oiartzun, Lezo, Pasaia, Hernani, Tolosa, Zaldibia, Itsasondo, Segura, Bergara, Arrasate, Oñati, Aramaio, Elgeta eta Mutriku dira horren erakusle. Errenterian kasu, boz baten aldearekin atzera bota dutela gogorarazi zuten.