GARA > Idatzia > Kultura

Has dadila kuadrillen eta bardoen arteko bertso jaia

Araban eta Nafarroan gaur ekingo diete aurtengo bertsolari txapelketei. Duela bi urte abiatutako Kuadrilla Arteko Bertso Txapelketari jarraipena emango diote Araban. Nafarroan, berriz, Bardoak 2012 ekimena sortu dute, lehenengo taldekako txapelketa.
p046_f01_148x84.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Bertso txapelketak lehia du berezko, epaileak, puntuak, kalkulagailuak, presioak eta bertigoak. Bertsozaleak erakartzeko amu izan daiteke eta bertsolarientzako «tranpolin»; euskara sustatzeko baliabide edo festarako aitzakia. Arrazoi positibo eta negatiboak balantzaren alde banatan, jendea bereganatu edo aldendu egin dutenak sarritan. Bertsozale elkartean argi dute txapelketa beharrezkoa dela baina tokian tokiko beharrak asetzeko formula ezberdinak sortzeak ere ezinbesteko dirudi.

Hausnarketa horretatik jaio zen duela bi urte Arabako Kuadrilla Arteko Bertso Txapelketa, bi urtetik behin egingo dutena. «Ereiteko urtea izan zen 2010a», azaldu zuten antolatzaileek. Izan ere, modu batean edo bestean 140 lagunek parte hartu zuten eta iaz ohiko bakarkakoan jokatutako txapelketan inoizko parte-hartze handiena lortu zen.

Arrakasta horri heldu eta aurten ere errepikatu egingo dute kuadrilla artekoa. «Bertsolari berriak aurkeztuko dira, gai-jartzaile berriak trebatu, epaile berriak sortu eta entzule berriak hurbildu», azaldu zuten. Oraingoan 24 talde arituko dira idatzizko modalitatean eta hamabi bat-batekoan. Taldeetan ez dira bertsolariak bakarrik izango. Trikitilari bikote bat eta epaile, gai-jartzaile, audio-grabatzaile, kronikagile, argazkilari eta bideo-grabatzaile bana izango dituzte. «Bertsolaritzaren sare soziala zabalduko da, bertso-eskola edo herriz herriko bertsozale taldeen auto antolaketa eta ekimenari esker».

Nafarroan antzeko bidea hartu dute aurten. Bi urtetik behin taldekako txapelketa egingo dute hemen ere; kasu honetan bat-bateko modalitatean bakarrik. «Bertsozaleari bertsolaritzaz gozatzeko aukera berritzailea eskaintzeko» asmoz abiatu dute Bardoak 2012 ekimena, urtarrilaren 27an saio bat jokatu bazen ere, ofizialki gaur hasiko dena. Hamazazpi taldek parte hartuko dute, guztira 99 parte-hartzaile, horietatik 51 bertsolari -inoizko kopururik handiena-.

Guztira 24 saio izango dira eta finala izan ezik, bazkari, merienda, afari edo bestelako ekitaldiekin osatuko dituzte.

Asteburuan saioak nonahi

Nafarroan hiru saio izango dira gaur. Iruritako gizarte etxean, Bar-ideak (Jon Elizetxe, Iñaki Aleman eta Kotte Plaza) eta Beratarrak (Julen Zelaieta, Patxi Castillo eta Aitor Elexpuru) arituko dira 21.00etan hasita. Doneztebeko Casinoan bertso-afaria izango da Jituk (Egoitz Gorosterrazu, Ander Fuentes Itturri eta Maialen Belarra) eta Beteranoak (Saioa Alkaiza, Ander Baiano eta Mikel Lasarte) taldeekin. Lesakako Arrano elkartean ere bertso-afaria egingo dute Altzuri, Edurnezuri eta amaordeak (Iban Garro, Josu Sanjurjo eta Ioar Tainta) eta Xirristi-Mirristi (Xabier Terreros, Asier Saragueta eta Xabi Zarraluki) taldeekin. Bihar ere izango da saiorik. Elizondoko Kultur Etxeko ganbaran arituko dira 19.00etan hasita Lepatanatuek (Jon Barberena, Oier Aramaio eta Xabi Maia) eta Hautsi ta barratu (Arkaitz Goikoetxea, Oier Lakuntza eta Haizea Beruete).

Arabakoak, bestalde, Gasteizko gaztetxean izango du gaur lehen saioa. 20.30ean hasita, afaria izango da eta bi modalitatetan arituko dira ondoren bertsotan: Idatzizkoan, Gasteizko Gaztetxea eta Aguraingo Gazte Asanblada izango dira; bat-batekoan, berriz, Gasteizko MunikoKatuak (vol.II) eta Gasteizko Eguzkilore arituko dira kantuan. Bihar Zalduondon eta Aramaion izango dira saioak eta, igandean, Gasteizen berriro ere.

Sarrerei, ordutegiei, saioei edo bestelako datuei buruzko informazio gehiago, www.arabakotxapelketa.org edo www.bardoak.com atarietan.

FINALAK

Kuadrillen arteko finala martxoaren 24an jokatuko dute Aramaion. Bardoen finala, berriz, martxoaren 31n izango da, Leitzan, eta hiru talde arituko dira bertsotan. Biak ala biak jai girotik gertuago izango dira lehiatik baino.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo