Hartzaro, tradizioan oinarrituz sorkuntza berriei bidea zabaltzen dien inauteri jaialdia Uztaritzen
Inauterietan oinarritzen den Hartzaro festibalak jai giroa zabalduko du Uztaritzen otsailaren 10etik 21era. Aurtengo gai berezia perkusioa da, eta horretarako, oso estilo ezberdinetako zazpi taldek joko dute.
Idoia ERASO | BAIONA
Inauterien ospakizun tradizionalaren galera nabarmena izaten ari zen garaian Herri soinu elkarteak garai berriei moldatutako festibala sortu zuen: «Ohitura zaharretan oinarritua, baina sorkuntzara bideratua». Hitz hauekin azaldu zuen Pierre Haira elkarteko diruzainak jaialdiaren nondik norakoa. Nortasun azkarrekoa, izan ere, ekimen kultural tradizionalak berrikusten dira sorkuntzen bitartez.
Aurten lau lan berri aurkeztuko dira bertan. Jaialdiaren ezaugarriekin bat egiten duten belaunaldi berriekin elkarlana gauzatzen da sorkuntza horien bidez. Izartxo taldearen «Buruz behera», Burrunka taldearen «Burrunkarrika», ASCA eta Afrika Dambo elkarteak egindako «Zanpantzarraren bidaia», eta azkenik, Errobiko Kaskarota elkartearen eskutik «Sua dantza». Hasieratik inauterien ikergune izan den Hartzarok lan hauen bitartez herri ohituren bilakaeraren testigantza ematen du.
Perkusioa
Perkusioa izango da aurtengo jaialdiaren gai berezia, eta horretarako eremu oso ezberdinetan aritzen diren zazpi talde gonbidatuak izan dira. Musikari horiek, ikusgarriak eskaintzeaz gain, Uztaritzeko karriketan barna desfilea ere egingo dute.
Teruelgo danbor eta bonboak izango dira perkusioetako gonbidatu nagusiak, Aragoi aldetik Uztaritzera Aste Sainduko perkusio herrikoia ekarriko dute.
Iturengo joaldunek Nafarroako inauterien doinua ekarriko dute Lapurdira. Donostiako Haritza Danborradak kostaldeko perkusioen doinuekin jantziko du Hartzaro; eta zaharrak berritzeko, Txalamandrak txalapartaren doinu zaharrak jantzi modernoekin aurkeztuko ditu.
Zo-zongó!!-Perkushow-k Afrikako doinuekin eta latinoen kolore eta berotasunarekin alaituko ditu uztariztarrak. Doinu beroetan segituta, eta dantza ere elkarturik, Burrunkaren azken sorkuntzak biribilduko du perkusioaren atala.
Perkusio eta sorkuntza bereziez gain, jaialdiko beste hitzordu berezi bat Kukai taldeak eskainiko duen «Taupadak» dantza ikuskizuna izango da.
Hartzaro oso jaialdi zabala da, eta mota guztietako artistek parte hartzen dute bertan. Horrela 40 profesionalekin batera 200 haur eta 400 heldu ekintza ezberdinetako aktore izango dira. Uztaritze, Jatsu, Haltsu eta Larresoroko herrietara zabaltzen da festibalaren eremua. Bertako hezkuntza zentro guztiek parte hartzen dute ekimenean. Besteak beste, jaialdiaren barnean izango diren bi erakusketen sortzaileak dira ikasleak.
Hamabi ikusgarri-kontzertu, karrikan garatuko diren hogei animazio, hiru erakusketa eta Thierry Truffauten hitzaldiak osatzen dute egitaraua.
Thierry Truffaut etnologoak «Euskal Herriko Lapurdiko probintziako inauteri eta negu ohituren zerrendatze bati buruz» liburua argitaratu berri du, 33 urtetako ikerketa lanen ondoren. Argitalpen hori baliatuko dute euskal inauterietako ohiturak Unescoren kultur ondarearen zerrendan sartzeko ekimenari bultzada emateko.
Hartzaro festibalera Lapurdiko udalerri guztietako hautetsiak gonbidatuak izan dira, Truffauten ikerlanaren aurkezpenerako. Auzapez bakoitzari bere herriko ohiturak ere biltzen dituen liburu hau emanen zaio, herriko liburutegian atxikitzeko. I. E.