GARA > Idatzia > Kultura

Aita eta gizona ikusezintasunetik askatzen saiatu da Julen Gabiria

p050_f02_88x72.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Julen Gabiria ikusezina da. Irudipen hori du behintzat aita izan denetik; neska laguna haurdun geldituz geroztik ez du inork ikusten. «Hasi nintzen jabetzen arreta guztia amarentzat dela, eta umea jaiotzen denean, ama eta umearentzat. Jakina da aitak gauza handirik ez duela egin, baina benetan eskertzen nuen norbait etortzen zitzaidanean niri ere galdetzera zelan haurdunaldia, zelan egiten duzue lo...», aitortu zuen.

Esperientzia horretatik abiatuta eta gainerako lagun aitekin hitz eginda idatzi zuen «Nire aita ikusezina da», gaztetxoentzako eleberria. Lezamako Udalak eta Elkarrek antolatzen duten Mikel Zarate sariaren bigarren edizioko garaile izan zen eta Elkarrek argitaratu du orain, Patxi Gallegoren marrazkiekin ilustratuta.

Egoerari umorez begiratu dio Gabiriak, «gustura moldatzen naiz terreno horretan, erridikuloaren esparru horretan». Istorioa kontatzen duen Elenek hamaika urte ditu eta neba bat izan du oraintxe. Paseoan irteten direnean aitari ez dio inork kasurik egiten. Berak egoera konpondu nahi du, sinistuta baitu ikusezina dela bere aita. Pelikuletatik hartutako pisten bidez aita salbatu nahian hasiko da. Aldi berean, berak egoera paralelo bat bizi du. Berak mutil-laguna du baina beste mutil bat agertuko da ikasgelan. «Hor badago borroka bat gizontasun-gizonkeria artekoa, gizartean ematen dena. Gizon eredua zein den, norantz jo behar dugun... Gizontasuna eta aitatasuna naturaltasunez bizitzeko aldarri txiki bat azken finean», azaldu zuen.

Bestalde, 6-12 urte bitarteko haurrei zuzendutako lanen sariketa honen hirugarren ediziorako epea zabalik dela gogoratu zuten antolatzaileek. Apirilaren 30a izango da azken eguna. 3.000 euro eta lana argitaratzea izango ditu sari. Azalpen gehiagorako: liburuak@elkar.com edo liburutegia@lezama.org helbideetara idatzi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo