Mikel Aramendi Kazetaria
Trikimailu bera bigarren aldiz?
Iraken edo Afganistanen baino askoz emaitza hobeak erdietsi dituztelako, askoz kostu ekonomiko eta politiko mugatuagoarekin. Eta maizago erabil dezaketen formula dela iruditu zaiela ematen du. Siria ez da Libia Errusiarentzat, ordeaHarritu egin direla batzuk ematen du; eta harritu egingo nintzateke ni haien harriduraz, benetakoa balitz. Izan ere, propagandaren lainoen artean ez baizik lur lehorraren gainean dabilen inori benetan harrigarria egin ote zaio Errusiak NBEren Segurtasun Kontseiluan Siriari buruzko ebazpenari ezarri dion betoa? Ezusteko apurrik inon aurkitzekotan, trantze horretan Txinak errusiarrei eman dien babesa da nabarmentzekoa. Ohikoa ez delako, ezta ezinbestekoa ere... prozesu hau non amaitzekoa den gogoan izaten ez bada. Siriakoa, erdibideko geltokia besterik ez delako, ziurki. Eta horixe da, seguruenik, Pekinen aginpidea dutenek aintzakotzat hartu dutena. Persiako Golkora begira daude txinatarrak.
Baina propagandaren lainoak aipatu ditut, eta ez inpentsan. Honelako parada guztietan bezala, egia biribilak baino askoz ozenago aditzen direlako batzuen eta besteen asmakizunak, erdizkako egiak, iruzurrak... jada dozena erdi bat mila siriar hilarazi dituen gatazka horretan. Estatuak -oso bereziki ahaltsuenak-, ordea, propaganda sortzaile nagusiak direnez, nekez elikatzen dira propagandaz. Are gutxiago mokadua mingotsa zaienean edota, gainera, zaborreria berbera birritan irentsarazi nahi zaienean denbora gutxian. Eta horixe da Errusiarekin gertatu dena Siriako auzian. Libiako aurrekaria gertuegi dagoela.
Libian, azkar usteko batzuen amarrua izan zen, «herritar askoren bizia salbatzeko» Segurtasun Kontseiluan hala moduz onartutako ebazpena buldatzat hartuta, hango aginte politikoa (eta hari atxikita zeuden lerrokamendu ekonomiko eta estrategikoak) iraultzea, NATOren eraso militarraren bitartez. Salbatu behar omen zituztenak baino askoz gehiago hil eta libiarrek lehen pairatzen zutena bezain tirania krudela, edo krudelagoa, sorrarazi duten arren, «operazio bikaina» izan dela irizten diote halakoek. Iraken edota Afganistanen baino askoz emaitza hobeak erdietsi dituztelako, askoz kostu ekonomiko eta politiko mugatuagoarekin. Eta maizago erabil dezaketen formula dela iruditu zaiela ematen du.
Siria ez da Libia Errusiarentzat, ordea. Are gutxiago Libian gertatua sudurraren aurrean dutenean. Davutoglu, Turkiako Kanpo Arazoetako ministroak Gerra Hotzaren geldikinen juzgu egin du Errusia eta Txinaren betoa: «Ez dute bertatik bertarako errealitatea kontuan izan ezezkoa bozkatu dutenean; Mendebaldeari kontra egiteagatik egin dute». Baita zera ere. Apustu egingo nuke errusiarren jarreraren zergatiak zenbatu behar balira, lehenengoetako bat -lehenengoa ez bada- Gerra Hotza baino askoz lehenagokoa (eta Turkiak ederki ezagutzen duena, bien arteko hamaika gerren sorburua izan delako) litzatekeela: errusiarrek Mediterraneorako nahi/behar duten irispidea. Une honetan, Siriako Tartuseko portuan duten basean giltzarrietako bat duen xedea... Davutogluk inork baino hobeto dakienez.
Hain zuzen ere, arabiar herrialdeetako matxinaden bitartez Turkia lortzen ari den itzal politiko ikusgarriak berealdiko eragina izango du ondorengo urte hauetan Errusiak eskualdean egin dezakeen edozertan. Propagandak propaganda.