GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hautetsi nafarrak Pauen Prat ez Espainiaratzeko

Datorren asteartean jakingo da Paueko Auzitegiak Ernesto Praten kontrako euroagindua onartzen duen ala ez. Atzo aztertu zuen Auzitegi Nazionaleko Grande Marlaska epaileak egindako eskaera. Herritar eta lagunak Pauera joan ziren berriozartarrari elkartasuna adieraztera. Bildu eta NaBaiko lau hautetsi ere bertan izan ziren. Gutun baten bidez, Euskal Herriko «egoera berria» kontuan hartu eta «arduraz» jokatzeko eskatu zioten epaileari, eta Prat ez Espainiaratzeko.

p020_f01.jpg

GARA | PAU

Paueko Instrukzio Gorteak Ernesto Praten kontrako euroagindu eskaera aztertu behar zuela-eta, hainbat herritar bertaratu zen atzo Biarnoko hiriburura, gazte nafarrari elkartasuna adierazi eta bere askatasuna exijitzeko.

Horien artean, Bilduko parlamentari Maiorga Ramirez eta Bakartxo Ruiz eta NaBaiko hautetsi Asun Fernandez de Garaialde eta alderdi bereko Xabier Lasa, Berriozarreko auzapeza.

Gutun baten bidez, bere ideia politikoengatik Prat jasaten ari den «egoera bidegabeari» amaiera jartzeko eskatu zioten Auzitegiari. Halaber, Euskal Herriko «egoera berria» kontuan hartzeko, eta «urte askotako indarkeria era justu eta demokratikoan bukatzeko aukera historikoa» dagoela kontuan izan dezala eskatu zioten epaileari.

Eskutitzean gogor kritikatu zuten Estatu espainolak, Alderdien Legea baliatuz, hainbat erakunde politiko legez kanpo utzi izana. «Euskal independentisten aurkako eraso» horren adibidetzat jo zuten Ernesto Prat berrioztarra bere herria utzi beharrean aurkitu izana.

Ilegalizazioa bertan behera

Hain zuzen ere, «Euskal Herrian bakea eta demokrazia finkatzeko», lehenbailehen «ilegalizazioaren zikloa» bertan behera uztea ezinbesteko baldintza dela nabarmendu zuten.

Espetxeetan «beren jarduera politikoarengatik ehunka militante independentista -tartean Arnaldo Otegi eta Rafa Diez-» daudela gogoratuta, «guztiak berehala aske uztea» premiazkotzat jo zuten. Ez hori bakarrik, «bake-prozesuak aurrera egin dezan denen ahalegina eta konpromisoa» behar-beharrezko direla gaineratu, eta «arduraz» jokatzeko eskatu zioten Gorteari, eta Madrilek «ideia politikoen kontra daraman politikari» ez jarraitzeko.

Madrileko Auzitegi Nazionaleko euroagindu eskaerari dagokionean, onartzearen alde azaldu zen Dominique Jeol fiskala. Prati leporatzen diotena -Ekineko kide izatea, alegia- nahiko argudioa dela adierazi zuen.

Pratek, bere aldetik, ukatu egin zuen erakunde horretako partaide izan denik. Bere abokatu Maritxu Paulus-Basurkok, berriz, euroagindua ez onartzeko eskatu zion epaileari, 33 urteko gaztearen kontrako akusazioak «tratu txarrak jasan izana salatu zuten hainbat atxilotuk egindako adierazpenetan» oinarritzen direla nabarmenduta.

Auzitegiak datorren asteartean jakinaraziko du ebazpena.

Protesta Poitiersen

Bestalde, datorren larunbaterako borroka eguna deitu dute Poitiers-Vivonneko espetxean. Bertan preso dauden Gorka Azpitarte, Eneko Zarrabeitia, Saioa Sanchez eta Maite Aranalde euskal militanteen bizi-baldintza «onartezinak» eta zuzendaritzaren «neurriz kanpoko zigorrak» salatzea da protesta ekimenaren helburua.

Lau presoak planto egingo duten bitartean, kanpoan elkarretaratzea izango da goizeko hamaiketan.

AUTOBUSA

Autobusa antolatu dute Abadiñon, Poitierseko espetxera joateko. Ostiral gauean abiatuko da, 24.00etan, eta «aherria@yahoo.com» helbidean eman daiteke izena. Donibane Garazin, berriz, larunbat goizalderako jarri dute hitzordua, 5.00etan, azoka estalian, elkarrekin autoz egiteko bidea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo