Mikel Jauregi | Kazetaria
Furgonetan
Hau duk hotza! Ez duk giro. Bueno, kanpoko horiek nahiko berotuta zeudek, bai. Eta oraindik ordu mordoxka ditiztek aurretik. 20.00ak dituk eta uluka zebiltzak, bufandak airean, banderak astinduz, kantuan. Hotel ingurua zuri-gorri zagok. Izango dituk 2.000ren bat. «Athletic, Athletic, Athletic!». Eta gu hemen, furgonetan, lanean. Inbidiak jota. Izorra hadi.
Hara, hara... Hasi dituk hoteletik ateratzen. Hori duk orroa, zaleena! Bata bestearen atzetik zoazak, desfilean: Iker, Fernando, Andoni, Gorka, Gaizka, Markel, David, Ander, Javi, Jon, Oscar, Mikel, Iñigo... eta Marcelo. Igo dituk autobusera banaka-banaka. Prest dituk abiatzeko. Benga, baita gu ere. Jarri martxan motorra, eta aurrera. Zortzi eta erdiak dituk, eta nahiko lan izan diagu Euskalduna pareraino iristen. Hemen ere jendetza. Animoak bero. Ostia, zer duk hori?
Bengalak, hi! Bengalak! Baina nola...? Eta zer egiten ditek beste horiek parean? Eta hura zertan ari duk? Zer oihukatzen ditek? Gutaz ari al dituk? Jokalariez? Zer demontre, bost axola. Sakatu frenoa. Bai, kontxo, geratzeko. Lasaitzeko? Utikan! Non zagok nire kaskoa? Ekarri, eta jantzi zeuenak ere. Jartzeko! Hotzak akabatzen, inbidiak jota, horiek festan eta gu lanean, akabo... Guk ere egin behar diagu futbolean. Benga, jarri zaitezte atzean, ni lehenengo. Bat, bi eta... hiru!
Hanka hemendik! Dinbi-danba! Hau borra dantza! Demontreko Pepe hori gogorra dela? Nire aldean, Begoñako Amatxu. Eta argi hori? Flasha izan al duk? Argazkiak? Danba hiri ere, eta danba beste horri. Kamera hautsi eta negarrez? Kolpea jaso eta kaguenka? Behatza lehertu eta uluka? Beste bat nahi? A, kazetariak zaretela? Lanean ari zaretela? Paretik kendu besterik ez zenuten, neu ere hala ari nauk-eta.
Bueno, garbitu diagu ingurua. Furgonetara berriz. Berotu nauk ederki. Izerditan nagok, txo. Kanpora kaskoa. Mugi, mugi, goazen! San Mameseraino tartea diagu oraindik. Lasaiago goazak orain, e? Tira, iritsi gaituk. Dena ondo. Futbolariak eta teknikariak zelaira, gu kanpoan. Partida amaitu zain.
Hamarrak dituk. Piztu irratia. Porratxo bat egingo al diagu? Gooooool!!! 11. minutua eta aurretik gaituk. Gooooool!!! 14. minutua eta bigarrena. Joder, hotz zagok hemen. Berriz kaskoa jantzi eta berotuko al diagu norbait?