Ibon Goieaskoetxea Arronategi | Euskal preso politikoa
Handia eta indartsua
Zuek zarete sustraietako fronte nagusiko gudariak, gure ibilbide militantearen arlo desberdinetako indar guzti-guztien katebegiak, horregatik maite zaituztegu
Handia eta indartsua, ahots potenteduna irudikatzen nuen zure ama!». Urdin ilun hotzez jantzitako zortzi mamotreto erraldoiz inguratuta geundela komentatu zidan hori kideak... «zeru koloreko begi horiekin, horaila eta gainera aurpegi kolpatuarekin, fulartxoarekin besoa kabestrilo inprobisatuan eutsita, nork pentsatuko zuen!». Espetxe txakur bereziek, ERISek eta euren buruak, dardarka, urduri, builaka jarraitzen zuten bitartean parluar ondoko pasilloan, bi metroko altuera eta ehun eta hamar kilo zenituela pentsatuko zuen kideak zutaz, amatxu, handik eta hemendik entzundakoagatik! Hau xelebrea!
Bisitan baina, ezin izan nizun besarkada estuegirik eman. Zure usain zoragarridun fulartxoarekin, besoa inguratu, eta kabina ziztrin horretan kabitzen den unibertsoko mimo guztiarekin lotu nizun lepoan. Opari hori ere ekarri zenidan; zu zaintzea.
Begia gorritua eta aurpegi urratua ferekatzeko ere bildu ahal izan nuen goxotasun guztiarekin, kontuz ibili nintzen. Baker eta Gindi, zu besarkatzeko gogoarekin gelditu ziren.
«Parkingeko espaloi txikitxuegaz estropozu egin eta jeusi ein naz, Dohibane Lohitzunen, ilun zegoen ondino, goizien goiz zan eta... tontamentien... hau kalamidadie... horrenbeste gora ta behera ibili ta gero, Inglaterrara zure anaixie ikusteko, domekan Larresorora aitatxugaz, pasa dan astien Bilboko manifara eta Busturire be bai... ja beste kartzelatara, Kepañe Almeriara, juteko astirik be ez dekot... eta beitxu, modu ganorabakuen, plausta! jeuzi naz honako bidien... non eukiko naben burue, baina... zelan itxiko naben ba nire semetxue bisita barik?! Eta etorri ein naz, klaro!»; irribarretxo umoretsuarekin atondu zenituen (hain politto!) zure sakoneko sentimenduak.
...Pasilloan, ez nekien zer letxe zioen matoien txefak, «en France, ça n'existe pas les prisonniers politiques», edo halako zozokeriaren bat; ez nion jaramonik egin. Gure bozera- mailea zegoen berarekin eztabaidan parluarretako azken probokazioei erantzuteko, beste behin.
Joseba eta biok zuekin geunden oraindik, ezin deskonektatu zuen presentzia freskoaz nahiz eta mittard-era joateko zorian egon... borrokarako grinarekin beharbada... «nire anaiak, Lourdes eta Sofik elkarri lagunduz, ondo egingo dute Euskal Herrirako itzulia, ikusiko duzu», lasaitu ninduen Gindik.
Zuen aura jarraitu genuen tarte batez, isilean, espetxe barrutik, etxerako bidaia imajinarioan...
Goxotasun horrek zekarkigun lasaitasunarekin erantzun genien matoien probokazioei, gezurrei, faltsukeriari, lotsari... isilean, ausente eurengandik eta gure kidearekin tinko bat eginez.
Gaur jakin dut, sendagileak esan dizuna, alegia besoko hezurra hautsi zenuela eta aurpegi eta begiko kolpe itsusi horrekin, Parisera bidaia egiteko ausarta, adoretsua izan zarela.
Mediku batzuk trebeak dira afekzioaren sintomengatik ondorioak ateratzeko, baina, amatxu, guk ez dugu behar hezur hautsi, istripu eta funtzionario txakurren erasorik. Urte eta hamarkadetan, borroka bizitza batean, agerian duguna ozenki eta harrotasunez esateko: zuek zarete sustraietako fronte nagusiko gudariak, gure ibilbide militantearen arlo desberdinetako indar guzti-guztien katebegiak, horregatik maite zaituztegu; maite zaitut, amatxu, Ana, aitatxu, Margari, Izaskuntxu, Eni, Juan Mari, Itziar, Sofi, Luxi, Fernando, Maixux, osaba Patxiku... Joxepa edota Blanki...
Handiak eta indartsuak Euskal Gudariak. Kolosalak.
Amatxu eta aitatxuri, maitasun eta mirespenez, Ibon Goieaskoetxea Arronategi, euskal preso politikoa. Gudarien seme.