GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Arlo publikoko murrizketa bidegabeen aurkako lanuzte oso zabala, segida behar duen erantzuna

EAEko funtzionarioen gehiengo zabal batek ELA, LAB eta STEE-EILAS sindikatuek deituriko lanuztearekin bat egin zuen atzo. Herrietan egin ziren mobilizazioez gain, hiriburuetan 22.000 kaleratu ziren protesta egitera. Benetan arrakastatsutzat jo daiteke deialdia. Herstura ekonomiko eta murrizketa sistematikoen erlijio berriak eragin duen haserrearen tamainakoa. Funtzionarioen egoera partikularretik harago, guztiok ordaindutako eta guztiontzat eskuragarri izan behar duten kalitatezko zerbitzuen defentsan aritu ziren. Herri langileriarena, denona, den kausa baten alde.

Izan ere, hersturak eta murrizketek langabezia eta prekarietatea baino ez dute ekartzen, irabaziak pribatizatu eta galerak sozializatu egin dituen krisi baten zama guztia langileen bizkar uztea. Horren aurrean, oso bestelako balio eta lehentasunak izango dituzten politika publikoak behar dira. Hemen erabakitako, hemengo herritarren neurrira eta zerbitzura taxuturiko eta balio soziala duten produktu eta inbertsioak bultzatuko dituzten politikak. Eta erabakitzeko ahalmen hori lortu arte erantzun sindikalari segida eman, baina, batez ere, ofentsiba soziopolitiko oso bat antolatzea eta bideratzea izango da gakoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo