GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gazteen lokaletan suteak prebenitzeko kanpaina martxan da

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Ordiziako Sueskola Fundazioak gazteen lokaletan suteak ekiditeko kanpaina aurkeztu zuten atzo, fundazioak Ordizian duen egoitzan. Aldundiak triptikoak banatuko dizkie udalei, eta horiek lokaletara bideratuko dituzte.

p020_f01.jpg

Ana ABARIZKETA |

Gipuzkoako Foru Aldundiak gazte lokalei begirako suteen prebentzio kanpaina jarri du abian, Sueskola Fundazioaren eskutik. Horrela azaldu zuten atzo Zerbitzuetako foru zuzendari Maider Zigandak eta Fundazioko zuzendari Iñigo Aldasorok Ordizian, Sueskolara egindako bisitan. Hala, Aldundiak 2.500 liburuxka bidaliko ditu Gipuzkoako udalerrietara, horiek gazteen lokaletara helaraz ditzaten.

Zigandaren hitzetan, «kanpaina honen helburua, lokal horietan bildu ohi diren gazteei istripuak ekiditeko kontuan hartu beharreko irizpideen berri ematea da. Izan ere, negua da urteko garai arriskutsuena, hotzari aurre egiteko erabiltzen diren berogailu sistemek sor ditzaketen arriskuen ondorioz».

Azken bost urteetan, 21 sute izan dira gazteek erabilitako egoitza, lonja edo txaboletan, neguan gehientsuenak. Koltxoi eta sofak erre izan dira horrelakoetan, zenbaitetan, barruan sua egiteagatik; bestetan, hautsontzia zakarrontzian husteagatik edo bestelako zenbait prebentzio neurri aintzat ez hartzeagatik. Sute horiek gehienetan txikiak izan diren arren, zenbaitetan kalte larriak eragin dituzte etxeetan. «Kopuru hori murriztu nahi dugu, oso eraginkorrak izan daitezkeen prebentzio neurriak ezagutaraziz», adierazi zuen foru zuzendariak.

Iñigo Aldasorok Sueskola Fundazioak prebentzioaren arloan egiten duen lana nabarmendu zuen. Sueskola, 2009. urtean Aldundiak eraturiko fundazioa, suteen prebentzio eta itzalketa alorreko prestakuntzan lan egiten duen erakundea da, puntako teknologia berriak erabiltzen ditu eta Ordizian du egoitza, nahiz eta prestakuntza saioak Bizkaiko Aldundiaren Ispastergo Maniobra Parkean ere ematen dituzten.

Iaz, Sueskola Fundazioak 4.000 pertsona baino gehiago trebatu zituen suteen prebentzio eta itzalketa alorrean. Prestakuntza hori jaso zutenen artean, norbanakoak, lan arriskuen arloan enpresek antolaturiko prebentzio eta itzalketa ikastaroak egiten dituzten enpresetako langileak, eta larrialdi zerbitzuetako kideak -bai suhiltzaile, bai polizia edota babes zibileko kideak- zeuden.

Aholku baliagarriak

Atzoko prentsaurrekoan gazteen lokalei begirako aholku baliagarriak ere plazaratu zituzten, udaletara helarazitako triptikoan jasota daudenak. Honakoak, esaterako: larrialdi kasuetan lasaitasuna mantentzea eta 112ra deitzea; hautsontziak zaborrontzian hustu aurretik bustitzea; lokalera iristean gas usaina antzemanez gero, etengailurik ez ukitu, eta gas giltza itxi ondoren lokaletik irten eta 112ra deitzea; lokalean surik ez egitea jariatzen diren gas toxikoek heriotza eragin dezaketelako. Horretaz gain, gas berogailuak dituzten lokaletan aireztapen sistema egokia izatea eta gainkarga ekiditeko lapurretan aparatu gehiegi ez entxufatzea aholkatzen dute.

Teorikotik praktikora

Behin azalpenak jasota, Sueskolako simulazio gelak ikusteko ordua heldu zen, ikastaroetan teoriari ere bai, baina batez ere alde praktikoari ematen baitiote garrantzia. Izan ere, Sueskola suteak itzaltzen trebatzeko zentroa da; larrialdiei aurre egiten irakasten dute bertan, eta horretarako sute-simulazioak egiten dituzte.

Eraikin logistiko eta teknikoan barrena, gas eszenatokien eraikuntza, fueleko eszenatokien eraikuntza, kanpoaldeko eszenatokiak eta maniobra dorrea daude. Eraikin horietan eszenatoki ezberdinak daude eta sorburu desberdineko suteak egiten dituzte, suaren egoera ezberdinak erakusteko; hala nola, kea, ikusgarritasuna edo tenperatura hartzen dituzte kontuan; beti ere, parte hartzaileen prestaketaren arabera egokitzen dute egoera.

Haurrentzako sentsibilizazio kanpainak ere egiten dituzte, baina jarduera horiek ez dira ikastaro gisa antolatzen, lehen prebentzio neurriak azaltzeko saio gisa baizik. Hala ere, etorkizunean jarduera hori eskoletara hedatzeko asmoa dute.

21 sute

Azken bost urtetan 21 irteera egin dituzte suhiltzaileek gazteen lokaletara. 2007an sei irteera egin zituzten; 2008an, bost; 2009an, lau; eta azken bi urteetan, hiruna irteera izan dira.

4.000

Sueskola Fundazioak 4.000 lagunetik gora trebatu ditu suteen prebentzio eta itzalketa alorrean; horien artean, norbanakoak, suhiltzaileak eta babes zibileko kideak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo