GARA > Idatzia > Mundua

Hego Sudanek hordagoa bota dio Khartumi, petrolioaren afera dela-eta

Hego Sudanek hordagoa bota dio Sudani, azken honi bere petrolioa lapurtu izana leporatu ostean. Auzi hori dela-eta, petrolio ekoizpena etetea erabaki du Jubako Gobernuak. Petrolioa Sudanera eraman beharrean, Djibutira eramateko hitzarmena sinatu zuen atzo Etiopiarekin.

GARA |

Uztailean independentzia lortu zuenetik, Hego Sudanek harreman tirabiratsuak izan ditu iparraldeko bizilagunarekin. Zatiketarekin, Hego Sudanek petrolio ekoizpenaren hiru laurdenak eskuratu ditu, 350.000 upel inguru eguneko. Petrolioa fintzeko eta esportatzeko, ordea, Sudanen beharra du.

Hego Sudango presidente Salva Kiir-ekin Etiopian bildu ostean, bi herrialdeak baketik baino gerratik gertuago daudela ohartarazi zuen Sudango presidente Omar Hasan al-Bashirrek, telebista publikoari eginiko adierazpenetan.

Iparraldeko oliobideen prezioaren gainean akordiorik lortu ez dutenez, joan den astean Khartumek Hego Sudango hiru petrolio-ontziren karga atxiki zuen, herrialdeko azpiegiturak erabiltzearen ordainetan. Erabaki horrek Jubako Gobernua biziki haserrarazi eta Kiir presidenteak Sudanera petroliorik ez bidaltzea erabaki zuen. Al-Bashirrek, orduan, iparraldea ekonomikoki ito nahi izatea leporatu zion; izan ere, petrolioaren ekoizpen eta esportaziotik ateratzen du Jubako Gobernuak aurrekontuen %98. Diru hori, gehienbat, indar armatuak ordaintzeko erabiltzen du.

Sudanekiko menpekotasuna apurtu nahian, petrolioa Djibutiraino eramateko hitzarmen bat sinatu zuen Etiopiarekin. «Petrolioa Etiopiara eta Djibutira eramateko oliobide bat eraikiko dugu. Hego Sudango Gobernua izango da horren jabea», azaldu zuen Barnaba Marial Benjamin Informazio ministroak.

Txinako, Ameriketako Estatu Batuetako eta Europako hainbat enpresak proiektu horrekiko interesa agertu dute jada.

Halere, ez da erraza izango oliobidea eraikitzea. Izan ere, Djibuti Hego Sudango petrolio eremutik 1.000 kilometro ingurura dago. Horrez gain, milizianoz beteriko eremuak zeharkatu beharko lituzke.

Urtarrilean, petrolioa Kenyako Lamuko portutik bidaltzeko oliobide bat eraikitzeko akordioa sinatu zuen Nairobiko Gobernuarekin. Adituen arabera, hiru bat urte eta 2,25 milioi euro beharko ditu egitasmoa gauzatzeko.

«Erokeria hutsa dira. Ikuspegi ekonomiko batetik, Hego Sudanek hobe luke handikeria horiek alde batera uztea eta Sudanekin petrolioa orain arte bezala saltzeko akordio bat lortzea», nabarmendu zuen Lucas Pateyk, Danimarkako Nazioarteko Ikerketa Institutuko kideak.

Joan den astean, Hego Sudango presidenteak herrialdearen geroa bermatzeko «herstura ekonomikoa eta behin-behineko sakrifizioak egitea» eskatu zien herritarrei. Hego Sudan munduko herrialde behartsuenetako bat da.

muga kontuak

Petrolioaren ekoizpena ez da Hego Sudanen eta Sudanen arteko liskar bakarra. Jubako Gobernuak hidrokarburo ugariko Abyei eskualdea beretzat aldarrikatzen du. Horrez gain, herrialdea erasotzeko talde armatuei ordaintzea leporatzen dio Khartumi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo