GARA > Idatzia > Ekonomia

Ipar Euskal Herriak berezko erakunde sozioekonomikoa premiazkoa du, LABen iritziz

Datozen erronkei aurre egiteko, Ipar Euskal Herriak egitura sozioekonomiko eta lan-hitzarmenetarako gune berezitua izatea ezinbestekotzat jota, «Bertan erabaki» ekimena abiatuko du LAB sindikatuak.

p029_aran.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako egoera sozioekonomikoa gertutik jarraitzen ari da LAB sindikatua. Egoeraren azterketa egin ostean, bi ondorio atera ditu: lehena, Ipar Euskal Herriak ezinbesteko duela berezko egitura sozioekonomikoa izatea, eta bigarrena, lan-hitzarmenetarako gune propiotzat hartua izan behar duela.

Izan ere, sindikatuaren esanetan, «krisia dela-eta, munduan oro har, bai eta Estatu frantsesean ere, agintariak hartzen ari diren neurriak langileak gero eta egoera larriagora bultzatzen ari dira». «Langileok krisiaren errudun izango bagina bezala, eskubideen murrizketei neurri bidegabeak eransten ari dira, etengabe: lotsagabeki `BEZ soziala' deiturikoa, malgutasunaren premiaren aitzakian 35 orduko lanaldia zalantzan jartzea... Guztia banketxeak diru publikoa jaso eta etekinak pilatzen ari diren bitartean», adierazi du Dominika Dagerrek.

Ezagupen eza, traba

Ipar Euskal Herriko ekonomiaren ezaugarriak kontuan hartuta, LABek panorama beltza aurreikusten du, «batez ere, erabaki guztiak hemendik kanpo hartzen» direlako. «Akitania da alor sozioekonomikoan esparru `gertukoena', baina hango deliberoek ez diete hemengo beharrei erantzunik ematen», nabarmendu du Amaia Fontangek, Ipar Euskal Herriak «lurralde gisa zein esparru ekonomiko gisa inolako ezagupenik» ez izateak egoera okertzen duela gaineratuta.

Epe ertainean egoeran eragingo duten beste aldagai batzuk ere aintzat hartu ditu sindikatu abertzaleak etorkizunerako bere lan ildoak finkatzeko, 2013. urtea lurralde erreformaren atariko urtea izango dela, esaterako. Gainera, «langileen egoera gero eta makurragoa izango denez, bistakoa da alternatibak landu eta eskaintzeak izango duen garrantzia».

Euskal Herrian irekitako «ziklo politiko berriaren» harira, Ipar Euskal Herrian ere gatazka politikoa konpontzeko prozesuak aurrera egin dezan, LABek, bere ekarpena egiteko prestutasuna berretsita, hiru lurraldeen aitortza instituzionalaren aldeko ahaleginari eutsiko diola adierazi du.

«Bertan erabaki»

«Ugazaben erasoak soilik indar harremanen konfrontazioaren bidez eragotziko» direla sinetsita, sindikatuen arteko elkarlanak berebiziko garrantzia duela berretsi du sindikatu abertzaleak. Xede horrekin, eragile sozio-ekonomikoek eta Estatuak bera Ipar Euskal Herria berariazko gune ekonomikotzat hartzea bultzatuko du.

Proposatzen dugun egitura sozioekonomikoak bertako diagnostikoa egiteko eta neurriak adostu eta erabakitzeko balio beharko luke, egungo Garapen Kontseiluaren antzeko zerbait», azaldu du Eñaut Aramendik. Horrez gain, hiru lurraldeek esparru edo gune berezitua izan beharko lukete, LABen esanetan, «bertan lan-hitzarmenen eta eskubideen gorabeherez aritzeko».

Horren karietara «Bertan erabaki» ekimena abian jarriko dute gutxi barru. Oinarrizko txosten baten bidez, langileengana, eta eragile politiko, sozial eta sindikalengana joko dute euren asmoak agertzeko eta horien ekarpenak jasotzeko.

HARREMANAK

ETAk jardun armatua utzi ondotik, lehen aldiz Departamenduko CGTrekin bilera egin berri du LABek. «Beste sindikatu batzuekin egiten dugun moduan, elkarlanerako prest gaudela adierazi diegu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo