Top 14
Iritsi da mailarik onena ematen hasteko garaia
Biarritzek sailkapeneko lehenengoa, Stade Toulousain, hartuko du Agileran.
Jon LEUNDA
Biarritzek bere maila noraino hel daitekeen neurtzeko aukera izango du gaur, 21.00etatik aurrera Stade Toulousain hartuko baitu Agileran. Sailkapeneko lehenengoa izango da gaur Biarritzen. Sei Nazioen Torneoa ere jokatuko da, eta talde garrantzitsu guztiek hutsuneak izango dituzte hamabostekoetan. Biarritz Harinordoki eta Yachvili gabe arituko da, eta Tolosak ere izango ditu hutsuneak.
Zuri-gorriek gorakada nabarmena izan dute azkeneko jardunaldietan, eta hori indartu egin behar dute Ligako talderik onenaren aurka. Yachviliren hutsunea zenbateraino nabarmenduko den, hori da zaleen kezka. Izan ere, Harinordokik azkenaldian du jokatu, lesio bat gainditu berria delako. Tolosak ere hutsune garrantzitsuak ditu, eta horretaz ere baliatu nahi dute lau puntu batu eta jaitsierako postuetatik ihes egiteko.
Partida bera zaila izango da, Okzitaniako taldeak garbi baitauka sailkapeneko lehen bi postuetan amaitu behar duela finalerdiak zuzenean jokatu ahal izateko. Momentu honetan hamabost puntuko aldea ateratzen dizkio hirugarrenari, eta gaur galdu arren, ez zaizkio gauzak gehiegi aldatuko, sailkapenean ere lehenengo izaten jarraituko lukeelako. Halere, helburua ahalik eta azkarren lortu nahi dute, eta lau puntuen bila etorriko direla argi eta garbi utzi dute Tolosako jokalari eta entrenatzaileek.
Biarritz une honetan sailkapeneko azken hirugarren postuan dago, atzetik duen Lyonekin puntuetan berdinduta. Beraz, jaitsierako postuetatik kanpo dago, baina oraindik oso gertu jarraitzen du. Avironek irabazten baldin badu eta Biarritzek galdu, zuri-gorriak sartuko lirateke zuloan, Lyonek otsailaren 24an jokatuko baitu jardunaldi honi dagokion neurketa. Biarritzen hamabostekoa honako hau izango da: Watremez, Heguy, Marconet, Thion Taele, Guyot, Carizza, Lakafia, Lesgourgues, Peyrelongue, Baby, Traille, Bosch, Ngwenya eta Balshaw. Aulkian, berriz, August, Gomez Kodela, Faure, Roidot, Bolakoro, Burutu, Haylet Petty eta Barcella geratuko dira.