GARA > Idatzia > Kultura

Antzoki barruko istorioak biltzen ditu «Bost axola bemola» lehen euskarazko haur-ikuskizun lirikoak

Duela bi urte estreinatutako Enrique Viana tenorearen «Ni fu ni fa sostenido» ikuskizuna euskaraz estreinatuko da datorren larunbatean eta igandean, Bilboko Arriaga antzokian.

p049_f02_97x88.jpg

A. ARRUTI | BILBO

Edozein antzokitan gerta daitekeen egoera xelebrea kontatzen du ABAO Txikik asteburu honetan taularatuko duen «Bost axola bemola» obrak. Antzokiko bi garbitzaile ditu protagonista, urte mordoa daramatzana bata eta hasiberria bestea. Elkarren arteko berriketetan agertuz joango dira teknikari bat, postari bat, ile-apaintzailea, abeslariak..., erotzerainoko katramila batean murgildu arte.

Enrique Viana madrildarrak idatzi zuen «Ni fu ni fa sostenido» 2010ean eta euskarazko bertsioa da orain aurkeztuko dena. Bera izango da oraingoan ere eszena zuzendaria. Eszena zuzendari laguntzaile lanetan, berriz, Oihana Regüela arituko da.

Kantari eta antzezle lanetan arituko dira Ana Otxoa, Maite Maruri, Alberto Nuñez, Axier Sanchez, Itziar Recalde, Joseba Uribarri, Mikel Pikaza eta Carlos Imaz. Gainera, Itxaro Mentxaka mezzosoprano lekeitiarraren lankidetza berezia izango du ikuskizunak, Doña Bego garbitzailearen paperean.

Gaztetxoenak operara hurbiltzea helburu duen ordubeteko obra honetan Mozart, Wagner, Rossini, Gounod, Bizet, Offenbach, Auber eta Donizetti autoreen musikak entzun ahal izango dira, baita rap bat ere, Vianak iragarri zuenez.

Emanaldiak larunbatean (19.00) eta igandean (12.00 eta 19.00) izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo