Aitziber Perez, Ane Landeta eta Jon Urrusolo | LAB-Irakaskuntza
Erreformen aurrean, hezkuntza sistema propioa
Gure hezkuntza sistema propioa herri bezala antolatzeko bidean, hainbat etxeko lan eta proiektu ditugu hasi eta amaitu gabeak. Hor ditugu, besteak beste, Euskal Herri osorako proposamen pedagogikoa izan nahi zuen Euskal Curriculuma
Espainiar Estatuan beste hezkuntza erreforma bat abian da. Beste bat diogu, 1970etik hamabi lege organiko onartu dituztelako, eta 2006tik hona, Derrigorrezko Hezkuntzak lau erreforma izan dituelako. Oraingo erreforma berri hau PPren eskutik datorkigu, eta oraingoz bi dira beste neurrien gainetik gailentzen direnak:
-Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza hiru urtera mugatzea, eta ondorioz Batxilergoa (eta Lanbide Heziketa) hiru urtera luzatzea (frantses Estatuan bezala).
-Herritartasunerako hezkuntza irakasgaia kentzea, eta horren ordez, Konstituzioa eta berorren balioak landuko dituen irakasgaia ezartzea.
Bi aldaketa hauekin PPk eskola porrotari eta eskola uzte goiztiarrari aurre egin eta emaitza akademikoak hobetu nahi ditu, eta aldi berean, Herritartasunerako Hezkuntzak ikasleengan eragiten duen doktrinamendua galarazi nahi omen du.
Lehenik salatu behar dugu Madrilen ezarriko dituzten aldaketa horiek Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak hitzez hitz aplikatu beharko dituztela, ustez hezkuntzaren esparruan «ahalmen guztiak» dituzten arren. Berriro ere, Madrildik agintzen digute hezkuntza esparruan zer egin behar dugun, orain ere begi bistan jarriz hezkuntzan ahalmen guztiak izatea, marko politiko honetan, ipuin bat besterik ez dela.
Neurriei dagokienez, helburua bada emaitzak hobetzea eta eskola porrota eta eskola uzte goiztiarra gutxitzea, ez dugu uste DBHri urte bat kenduz eta Batxilergoari emanez helburu horiek lortuko direnik. Helburu hori lortzeko neurriak hartzekotan, esku-hartzeak aurreko hezkuntza etapatan egin beharko lirateke, eskola porrot gehiena lehenengo urteetan atzeman baitaiteke, eta, beraz, Lehen Hezkuntzako urte horietan aldaketa metodologikoak, talde txikiagoak, arreta pertsonalizatuagoa... behar dira, eta noski, horretarako aurrekontu handiagoa behar da.
PISAko emaitzetan (irakurmena, matematika eta zientziak neurtzen dituen ebaluazioa) Espainiako datuak ELGAko herrialdetakoak baino okerragoak dira (Nafarroakoak gainetik dira, eta EAEkoak eskasagoak zientzietan). Eta eskola uzte goiztiarrari dagokionez, Espainiako Estatuan 2010ean %28,4koa izan zen (EAEn, 12,6koa, eta Nafarroan, 16,8koa). Esan bezala, ez dugu uste planteatutako neurriekin egoera honi aurre egingo diotenik. Aitzitik, neurri hauen atzean PPk klase ikuspegiari begirako apustua egiten duela iruditzen zaigu, eta helburu dutela ikasleak banatu edota zatikatzea urtebete lehenago, eta estatuan Batxilergoko lehenengo ikasturtea doan jartzea (derrigorrezko eskolaldia 16 urtera arte mantentzen da), gerora Batxilergo osoa doan izateko, baita eskola elitista, pribatu eta erlijiosoetan ere, honela, Rouco Varela eta eskuina pozik izateko. Gainera, ezin dugu ahaztu, hezkuntza aldaketa hauek euren «Espainia osoan» ezarri nahi duten uniformaziorako urratsak direla.
Eta Espainiar Konstituzioaren irakaskuntzaz, zer esan? Iribas eta Celaaren doktrinamenduarekin batera, orain Wert jaunak sustatutakoa etorriko zaigu. Neurri horien gainean egin beharreko irakurketa eginda, pentsatzen dugu honelako lege eta erreformen aurrean jokatzeko bi modu daudela: lehena, lege eta erreformen irakurketak eta salaketak egitea, agian irakurketa berdintsua egiten duten eragileekin testu komuna idatziz, prentsaurrekoak emanez... Eta bigarrena, aurrekoa eginda, herri bezala pentsatzen eta urratsak ematen hastea.
Lehenaz gain, bigarrenari eman behar zaio lehentasuna eta indarra, eta norabide horretan inbertitu behar da. Bestela, estatuek beti entretenituak edukiko gaituzte ezarriko dizkiguten erreformen jira-bueltetan. Eta norabide horretan, gure hezkuntza sistema propioa herri bezala antolatzeko bidean, hainbat etxeko lan eta proiektu ditugu hasi eta amaitu gabeak. Hor ditugu, besteak beste, Euskal Herri osorako proposamen pedagogikoa izan nahi zuen Euskal Curriculuma, Euskal Herri osorako Euskal Unibertsitatea, edo ikasle euskaldun eleanitzak izateko proposamena.
Egitasmo horiek aurrera ateratzeko, eta herri honek baita hezkuntzaren arloan dituen erronkei ere aurre egiteko, ezinbestekoa da Euskal Herri osoko hezkuntza eragileok eta norbanakook elkarlanean aritzea. Hasi gure herriak behar duen hezkuntza egituraz, gure herriak behar duen eskolaz eztabaidatzen, eta jarraipena eman eraginkorra izango den elkarlanarekin.
Erreformen irakurketak egin eta salatu bai, baina aldi berean, gure hezkuntza sistemarantz aurrera urratsak egiteko elkarlana ezinbestekotzat jotzen dugu.