GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sokatira

Abadiñok eta Badaiotzek eraman dituzte azkeneko txapelak

J.L.

Amaitu da aurtengo Euskadiko Zortziko Txapelketa, eta Abadiñok eta Badaiotzek jantzi dituzte azkeneko txapelak. Bi talde hauek izan dira aurtengoan ere protagonista nagusiak; izan ere, banatu diren sei txapeletatik bost eraman dituzte.

Mutiletan 560 kilokoan finala jokatu zen, eta Abadiñok denboraldiko hirugarren txapela jantzi zuen. Saio osoan zehar tiraldi bakarra galdu zuen, Amaiurren aurka, eta gainerako talde guztiak mendean hartu zituen.

Sokarri sailkatu zen atzetik. Bizkaitarrek Abadiñorekin galdu egin zuten, baina gainerako guztiei irabazi egin zieten. Podiuma Amaiurrek osatu zuen. Nafarrek Abadiñori tiraldi bat irabazi zieten, eta bazirudien, gutxienez, bigarren postua eskuratzeko moduan izango zirela, baina gero Sokarrirekin galdu eta hirugarrengoarekin konformatu behar izan zuten.

Sailkapena honela geratu zen: lehenengo Abadiño, 8 punturekin; bigarren Sokarri, 7 rekin; hirugarren Amaiur, 6rekin; laugarren Ñapurrak, 5 punturekin; bosgarren Berriozar, 4rekin; seigarren Basaburua-Imotz, 3rekin; zazpigarren Ibarra, 2rekin; eta azkena 6 Conceyos, puntu batekin.

Emakumezkoen 500 kilokoan lehen bi jardunaldietako emaitza errepikatu zen, eta Badaiotzek ez zuen arazorik izan denboraldiko bigarren txapela lortzeko. Hiru jardunaldiren ostean, arabarrek 15 puntu batu dituzte. Bigarren sailkatu zen Sakana, 12 punturekin; hirugarren Ibarra, 9rekin; laugarren Berriozar, 6rekin; eta azkena, berriz, Bizindar talde arabarra, 3rekin.

Euskal Herrikoa amaituta, datorren aste honetan Munduko Txapelketa izango da, eta han arituko dira euskal taldeak kluben mailan, nazio bezala ezin baitute aritu.

Dominak lortzeko aukera handia izango da, eta batez ere Abadiño eta Badaiotz dira horretarako aukerarik gehien dituzten taldeak, baina besteren batek lortzea ere ez litzateke harrigarria izango.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo