GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora | Desafioa

Xabier Mindegiak bigarrengoan ez du hutsik egin, eta garaipena lortu du

Minutu bat pasako aldea atera zion atzo Doneztebeko pilotalekuan Julen Kañamaresi, norgehiagoka eder, polit eta estu bat jokatu ostean.

p046_f01_148x104.jpg

Jon LEUNDA

Xabier Mindegiak irabazi zuen atzo Donezteben Julen Kañamaresen aurka jokatu zuen aizkora apustua. Ikusmin handia zegoen, eta zaleek ez zuten hutsik egin, Doneztebeko pilotalekua bete egin baitzen.

Aizkolari bakoitzak zortzi kana-erdiko eta bi oinbiko erdibitu behar izan zituen. Bi handi eta bi kana-erdiko Kañamaresek plazaratu zituen, eta gainerakoak, Mindegiak. Alde bakoitzak 3.000 euro jokatzen zituen. Hasi aurreko apustuetan, dirua Mindegiaren alde atera zen 100-80, eta tankeran ibili zen ia apustua amaitu zen arte.

Gidoia aurretik pentsatu bezala joan zen. Kañamares bikain hasi zen, erritmo oso azkarrean, eta lehen bi kana-erdikoetan tartea zabaltzea lortu zuen. Mindegia ez zuen atzera bota horrek; hasieran hartutako erritmoari jarraitu zion, eta bosgarren enborrerako aurretik jarri zen. Horrela, lan erdiak 18 minutu eta 5 segundoan burutu zituen, eta 18 minutu eta 42 segundoan, berriz, Kañamaresek.

Tarte horretan, azken honek bi arazo izan zituen. Alde batetik, epaiak, horiekin oso gaizki moldatu baitzen; eta bestetik, adarrak. Enbor guztietan buelta eman behar izan zuen, epaia itxi egiten baitzuen, nahiz eta alboan bi laguntzaile izan zituen. Enborrekin ere ez zuen zorte handirik izan, bi egurretan bi adar handi atera baitzitzaizkion. Mindegiak, aldiz, bere lana oso ongi bete zuen. Bikain eraman zuten bere aitak eta anaiak, horiek izan baitzituen erakusle lanetan. Erritmo tinko bati jarraituz, eta epaiak bikain eramanez, amaieran garaipen ederra lortu zuen.

Lan guztiak burutzeko, 33 minutu eta 22 segundo behar izan zituen; eta 34 minutu eta 45 segundo, berriz, Kañamaresek. Atzokoa bigarren apustua zen Xabier Mindegiarentzat, eta txanponaren bi aldeak ezagutu ditu; izan ere, jokatu zuen lehenengoa galdu egin zuen Unai Otañoren aurka. Kañamares III.ak, berriz, lehen desafioa zuen, eta oraingoz txanponaren alderik garratzena ezagutu du.

Dena dela, neurketa oso polita eskaini zuten, eta egindako denbora ere ona izan zen. Pilotalekua betetzea lortu zuten, nahiz eta sarreraren salneurria 25 eurokoa zen, eta amaieran bertaratutako inork ez zuen damurik agertu, denak oso gustura etxeratu baitziren, bi gazteek oso ikuskizun polita eskaini zuten-eta. Apustu batean oreka ikusi nahi izaten da, bien artean alde handiegirik ez dadila egon; eta hori horrela izan zen atzo, biak elkarren gainean izan baitziren beti, eta horixe zen zaleek nahi zutena. Bi gazteek, gainera, oso itxura ona eman zuten, eta etorkizunean beste apusturen bat egiten badute, seguru berriro ere jende asko eramango dutela jokatzen duten lekua edozein dela ere.

«Ongi atera da»

Amaieran Xabier Mindegia oso gustura zegoen lortutako garaipenarekin: «Hasieran, bera guk pentsatzen genuen bezala hasi da, oso indartsu, eta tarte apur bat atera digu; baina niri bai aitak eta bai anaiak lasai aritzeko esaten zidaten, harrapatuko nuela, eta azkenean horrela izan da. Nik beraien esanei kasu egin diet, eta emaitza oso ona atera dugu», esan zuen.

Irabazteaz gain, egindako lanarekin ere oso gustura geratu zela onartu zuen: «Lan ona egin dudalakoan nago. Epaietan ere oso ongi eraman dut, eta uste dut aitak eta anaiak ere oso lan ona egin dutela», esan zuen.

Julen Kañamares galdu arren, nahiko gustura agertu zen amaieran. «Egindako lanarekin oso gustura geratu naiz. Epaiekin ez dugu asmatu, eta hor eduki dugu akats handi samarra. Bi adar ere atera zaizkit, baina denbora baino gehiago bi arazo horiekin burua galdu dudala uste dut. Hala ere, lan ona egin dudala uste dut, eta horrek ere balio du. Gaur Mindegia hobea izan da, eta ez dago ezer esaterik», adierazi zuen Julenek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo