GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

boulder | Lehia

Boulder Liga 2012, indartsua zein beroa

Aurtengo aldia pare bat berrikuntzarekin hasi da, eta, oro har, arrakastatsua izaten ari da. Dagoeneko, bi proba jokatu dira: Gasteizko Estadio Fundazioan bata eta K2 gimnasioan bestea. Lehia estuak ikusi dira.

p050_f01_250x128.jpg

p050_f02_93x140.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Joan den urtarrilaren 28an izan zuen Boulder Ligak lehen hitzordua. Guztira, lau izango ditu aurtengo aldiak, eta lehenbizikoa Gasteizko Estadio Fundazioaren boulder aretoan jokatu zen. Aurtengo ekitaldiari dagokionez, azpimarratu behar da bi berrikuntza dituela. Batetik, gaztetxoek erakusten duten maila onagatik, kategoriak egokitu egin dira. Hortaz, hiru maila ditu: 16 urtez azpikoak, herrikoiak eta elitea. Jakina, neskak zein mutilak. Eta bigarrenak hau jasotzen du: eskalatzaile bakoitzak asmatu behar dituen blokeen artean hiru minutuko atsedena du.

Bada, berrikuntza horiekin 60 parte hartzailek hasiera eman zioten Ligari. Jon Sard eta Dani Perezi egokitu zitzaien blokeen prestakuntza, eta lasai asko esan daiteke eskalatzaileek ondo baino hobeto jardun zutela jarritako «korapiloetan». Gaztetxoen artean lehia gogorra izan zen. Mikel Inorizak argi erakutsi zuen oso indartsu dagoela; azken urteotan goranzko bilakaera izaten ari da. Gontzal Agirre bigarren geratu zen, eta Beñat Amestoy, hirugarren. Neska bakarra izan zen, Nahia Garcia de Eulate.

Herrikoiek erakutsi zuten gogotsu daudela, eta 30 lagunek bat egin zuten hitzorduarekin. Laida Tejero eta Ivan Mendiguren izan ziren onenak. Bigarren postuak Leire Tapia eta Iñigo Usategirentzat izan ziren, eta hirugarrenak, Matxalen Montoya eta Josu Artetxerentzat.

Eta elitean, zalantzarik gabe, oso maila ona ikusi zen. Hori erakutsi zuten, bederen, Zuriñe Arrue eta Javier Gonzalez irabazleek. Horien atzetik, Irene Alvarez eta Alex Rodriguez sailkatu ziren. Hirugarren postua Goizane Saez de Olazagoitiak eta Isaac Alberdik eskuratu zuten.

Giro bikaina

Hil honen 11n, berriz, bigarren proba jokatu zen: Gasteizko K2 gimnasioan. 50 eskalatzaile bertaratu ziren Euskal Herriko txoko ugaritatik, eta Sard zein Irati Andak prestatutako blokeei egin behar izan zieten aurre.

16 urtetik beherakoen mailan, soilik mutilak aritu ziren nor baino nor. Agirrek lehen postua erdietsi zuen, Amestoyk, bigarrena eta Martin Urrutiak, hirugarrena.

Herrikoietan, nesketan, Tapia nagusitu zen, eta haren atzetik Tejero eta Nagore Cid sailkatu ziren. Mutiletan, Usategik irabazi zuen, Mikel Madinabeitia izan zen bigarrena eta Mikel Abad, hirugarrena.

Eta elite mailan, nesketan, podiumak itxura bera hartu zuen: Arrue, Alvarez eta Saez de Olazagoitia. Mutiletan, berriz: Inoriza irabazle, Jon Arrieta bigarren eta Gonzalez hirugarren.

Hurrengo bi probak: Amurrio (larunbatean) eta Hegoalde (martxoak 10).

2012

Boulder Ligaren aurtengo edizioak dagoeneko bi proba jokatu ditu: Estadio Fundazioan bata eta K2 Gimnasioan bestea. Beste biak Amurrion eta Hegoalden izango dira

arrakastatsua

Indartsu hasi da aurtengo Liga; batez beste, 55 eskalatzailek hartu dute parte proba bakoitzean. Oro har, oso maila txukuna erakusten ari dira

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo