GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

mendiko eskia | Hitzordu nagusia

Maiztegi eta Lariz nagusi, banakakoen Euskadiko Txapelketan

Hilaren 12an Challenge de Luchon proba jokatu zen, eta Euskadiko Mendi Eskiko Banakako Txapelkeketarako baliagarria izan zen. Leiba, Bandres, Martinez Albornoz, Martin eta Otxoa ere, irabazle.

p051_f01_199x128.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Krono-igoera eta taldekako mendiko eskiko Euskadiko txapelketei banakakoen lehia nagusia gehitu zaie. Hori hil honen 12an gertatu zen. Euskal Mendizale Federazioak antolatutako hitzordu nagusia Pirinioetako Challenge de Luchon lasterketa ezagunaren barruan jokatu zen. Banakako modalitate hau da hain justu, ingurumari honetan tradizio handiena duena. Hala ere, aurreko kroniketan aipatu dugun bezala, krono-igoera eta taldekakoen hitzorduak nahiko indartsu azaldu dira.

Lasterketak, berez, 100 eskiatzaile jaso zituen, baina aipatu beharra dago ia %50 Euskal Herritik bertaratu zirela. Jakina, ingurumari hartako eskiatzaileak ere bertan izan ziren, eta, ohi den legez, katalanak ere bai.

Oro har, lehia biribila izan zen. Behingoz, elurrak ez zuen inolako oztoporik jarri; izan ere, asko zegoen eta kalitate oso onekoa gainera. Horretaz gain, eguraldia lagun izan zuten. Eguzkia goian, baina, hori bai, batere berotzen ez zuela. Hotz egin zuen; hain zuzen ere, 14 gradu zero azpitik.

Eta lehiaren festa biribiltzeko, azpimarratzekoa da antolatzaileek prestatu zuten ibilbidea. Aitortu behar da osoa eta teknikoa izan zela. Oinez, kranpoiekin, soka finkoak, jaitsiera zailak zein teknikoak... denetarik izan zuen aipatu dugun ibilbideak. Hitz bitan esanda, ibilbide alpinoa.

Lehia gogorra

Lehia horretan ikusitakoaren arabera, lasai asko esan daiteke oso gogorra izan zela, eta eskiatzaile askok erakutsitako maila oso ona izan zela.

Arestian ibilbidearen ezaugarriak aipatu ditugu, eta gehitu ere luzera eta desnibel ezberdinetakoak atondu zituztela. Izan ere, Euskadiko Txapelketarako hainbat kategoria lehian ziren: nagusiak, beteranoak, gazteak eta kadeteak. Gizonezko nagusiek, adibidez, 1.700 metroko desnibela zuen ibilbideari egin behar izan zioten aurre. Gazteek eta emakumezko seniorrek, berriz, 1.200 metroko desnibelari, eta kadeteek, ia 1.050 metroko desnibelari.

Lasterketaren emaitzei dagokienez, esan behar dugu oro har euskal eskiatzaileak lehiaren lehen postuetan ibili zirela. Euskadiko Txapelketaren sailkapenek ez zuten batere ezustekorik eman. Emakumezko seniorretan, Amets Maiztegik irabazi zuen 2:37:46 denbora eginda; bigarrena Nahia Quincoces izan zen eta hirugarrena, Maddi Arrazola. Mutiletan, berriz, Iñigo Larizek jantzi zuen txapela 2:11:13ko denbora eginda. Javier Tirapuk zilarra eraman zuen (minutu bat baino gutxiagora geratu zen) eta Joseba Tobarrek, brontzea.

Beteranoetan Aitor Otxoa izan zen irabazle, 2:16:32ko denbora eginda. Gazteen kategorian, Lide Leibar eta Kristian Bandres nagusitu ziren. Eta sailkapenekin amaitzeko, kadeteak. Nesketan, Amaia Martin dugu Euskadiko txapeldun berria, eta mutiletan, Iñigo Martinez Albornoz. Bigarren, Gotzon Martin eta hirugarren, Iosu Martin.

banakakoa

Challenge de Luchon probak bere baitan jaso zuen Euskadiko Txapelketa. Oro har, lehia biribila izan zen. Eguraldia eta elurraren baldintzak oso egokiak izan ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo