Surflari ernegatua
Itxurazko ergelkeria baten atzean, egiazko ergelkeria
Munduko surflari ezagunenak bildu ohi dira ekitaldi honetan. Limusinetan iristen dira, bikoteka irteten dira txoferrak irekitako ate distiratsuetatik eta alfonbra gorria zeharkatzen dute Berriz ere gauzak izango dira albiste, ez pertsonak. Alegia, ergelkeria eta handinahia dirudien itxurazko antzeztoki horren atzean, oso erreala den itzelezko ergelkeria dago
Otsailaren 23an sarituko ditu ASP erakundeak iazko munduko txapeldunak. Carissa Moore eta Kelly Slater urrezko oholtzara igoko dira garaikurra jasotzera. Beste zenbait surflarik bestelako sariren bat ere jasoko dute eta Hollywoodeko izarrek egin ohi dituzten festen antzera, luxuzko festa bat izango da.
Aurtengorako, gainera, berrikuntzak iragarri ditu ASPk, ekitaldiaren antolatzaileak. Batetik, publikoari bozkatzeko aukera luzatu nahi dio, eta bestetik, orain arte ez bezala, jarraitzaileek ere ikusle gisa joateko aukera izango dute.
Txartela erosita joan ahal izango duen ikusle kopurua mugatua izango da noski, leku orok bezala, Australiako Gold Coasteko Convention and Exhibition Centrek ere bere mugak baititu. 372 dolar amerikarren truke beraz, ia edonork sari banaketa zuzen-zuzenean ikusi ahal izango du.
Munduko surflari ezagunenak bildu ohi dira ekitaldi honetan. Alokatutako limusinetan hurbiltzen dira, bikoteka irteten dira txoferrak irekitako ate distiratsuetatik, eta jarraian, alfonbra gorria zeharkatzen dute, binaka, gizon eta emakume, eskutik helduta, ohiko familia eta herritar onen eredu formatuan.
Mutilek, smoking elegantea, zapatak, alkandora eta jaka. Galazko soineko distiratsua, zapata takoidunak eta silikonazko titi tenteak neskek. Izarrak dira, distira egin behar dute.
Horixe da eskaintzen zaigun eredua, egungo mundu ikuskera nagusiaren arabera, maitatu eta desio beharko genukeen eredu arranditsua. Urtean behin bada ere, sandaliak eta bainujantzia albo batera utzi eta arrakasta deitzen duten horrek, isla izan behar du. Eta arrakasta islatzeko, antza, ez dago bestelako eredurik.
Aurten gainera, ikusleok ere parte har dezakegu, bozkatzeko aukera daukagu, urteko artista, uretatik kanpo zein barruan (neska eta mutila), edo gutxietsia izan dela uste dugun lehiakidearen alde bozka dezakegu. Alegia, ikusleengan enpatia gehien sortzen duen lehiakidea nor den jakin nahi dute. Irudirik salgarriena zein den jakin nahi dute.
Ziur aski itxura narrasena duen lehiakideak jasoko ditu boto gehien, eta lehiakide hori, datorren urtean, alkandora arrosa deigarri batekin agertuko bada ere, ez da ezarritako ereduak marrazten duen mugetatik aterako. Gizakia objektu bilakatzen duen oinarrizko eredua ez baitu inork zalantzan jartzen.
Berriz ere gauzak izango dira albiste, ez pertsonak. Alegia, ergelkeria eta handinahia dirudien itxurazko antzeztoki horren atzean, oso erreala den itzelezko ergelkeria dago.