GARA > Idatzia > Kultura

«Dena hiltzen da», heriotza eta Txillardegi idazlea bera izan ezik

Jose Luis Alvarez Enparantza «Txillardegi»-ren idazle lana goraipatuz bere heriotzaz geroztik ekitaldi berezirik egin ez zela-eta, euskal idazleek gogoan izan zuten atzo, horretarako bere obraren irakurraldia eginda.

p059_f01_148x88.jpg

M. LARRINAGA | DONOSTIA

Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Club aretoa izan zen Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi idazleari omenaldia egiteko aukeratutako tokia, eta idazle zein irakurleek ez zuten aukera galdu, aretoa lepo baitzegoen.

Bertan ziren Ana Urkiza, Harkaitz Cano, Joxe Austin Arrieta, Ramon Agirre, Arantxa Urretabizkaia, Fito Rodriguez, Joan Mari Irigoien, Ramon Saizarbitoria, Dorleta Urretabizkaia edota Iban Zaldua, beste askoren artean.

Txillardegiren jarduera politikoak jaso zuen bere omenaldia, baina idazlearenak artean ez zuen aipamenik izan. Hori dela-eta, «Txillardegi idazlea baztertuta gelditzeko arriskua ikusten genuen eta omenaldi hau egitea erabaki genuen tertulia batean», azaldu zuen Koldo Izagirrek ekitaldia hasi aurretik.

Helburua argi utzita, irakurraldiarekin hasi ziren. Horretarako «Leturiaren egunkari ezkutua», «Peru Leartzako» eta «Elsa Scheelen» nobelak aukeratu zituzten. Hiru lan horietan existentzialismo hutsa, budismoa eta, azkenik, emakumezko baten ikuspegitik lantzen den Europan giro kulturalaren iraultza planteatzen dira.

Testuak hautatzen eta irakurleen hurrenkera finkatzen Fito Rodriguez idazle eta GARAko kolaboratzailea eta Koldo Izagirre idazlea aritu ziren. «Hiru nobela hauek hautatu genituen oinarrizkoak direlako eta euskal literaturan haustura bat suertatu zelako bere ekarpen honekin», azaldu zuen Rodriguezek. Baina beste aldetik, testu bakoitzak bere barne koherentzia izan behar zuela argi zuten bi idazleek, baita testuen artean nolabaiteko haria ere. «Guztia harilkatu egin behar zen, eta lortu dugula uste dut, gehienbat `Elsa Scheelen'-en lehenengo zatian finkatu baitugu irakurraldia. Zati horretan gainera, inauterietan eta otsailean daude, eta gaurko otsailean, inauterietako igande egunean oso ongi zetorren», gehitu zuen.

Hasiera batean sei kideren artean egitea pentsatu zuten, baina ondoren, ahalik eta partaide gehienek esku hartzea ideia politagoa iruditu zitzaien. Hala ere, azkenean hogei pertsonara mugatu behar izan zuten parte-hartzea, denborak eta tokiak baldintzatuta.

Irakurraldian Arantxa Urretabizkaia izan zen gonbidatuen arteko emakume bakarrenetakoa. «Txillardegik euskal literaturan paper garrantzitsu bat duela iruditzen zait. Gainera, uste dut idazleok ez dugula iragana eta oraina bertsolariek bezain ondo uztartzen. Haiek beti gogoratzen dituzte joandakoak edo aurrekoak eta guk ez hainbeste. Horregatik primeran iruditzen zait horrelako eginkizun bat», azaldu zion egunkari honi Urretabizkaiak. «Hizkuntzaren aldetik bere garaia baino aurrerago zebilen Txillardegi. Gaur irakurri duguna eta bere hiru nobela horiek guztiz beltzak eta mingarriak direla iruditzen zait», gehitu zuen.

Ramon Saizarbitoriak ere tristura hori nabarmendu zuen, eta umore erabat grisa utzi ziotela ere azaldu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo