GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Urrezko Aizkora

Arrospidek eta Mugertza II.ak iazko finaleko errebantxa hartu dute

J.L.

Arrospidek eta Mugertza II.ak eman zuten ezustea atzo, Urrezko Aizkorako finalerdian, eta egungo txapeldunak, Azurmendi eta Atutxa, mendean hartu zituzten. Iazko finalean atzoko bi bikoteak neurtu ziren, baina orduan galdu egin zuten Leaburukoak eta Mutrikukoak, eta orduko errebantxa hartu ahal izan zuten atzokoan.

45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren hasteko, eta hori Azurmendik eta Atutxak irabazi zuten, 31 kolpetan amaitu baitzuten egurra, baten aldea kenduz. Bigarren lanean, kana-erdiko bat zutik jarrita moztu behar izan zuten, eta bi gipuzkoarrek aldeari buelta eman zioten. Minutu eta 32 segundoan amaitu zuten lana, eta 13 segundoko tartea kendu zieten aurkariei. Hirugarren lanean, alde hori gehitu egin zuten. Erlojuz kontra bina 45 ontzako moztu behar izan zituzten, eta 3 minutu eta 34 segundoan bota zituzten. Txapeldunek, berriz, hiru segundo gehiago behar izan zituzten. Laugarrengoan, Atutxak eta Azurmendik aurka zuten aldea murriztu zuten. 45 ontzako enborra zutik jarrita eta beste bat etzanda jarrita mozten 2 minutu eta 9 segundo behar izan zituzten, eta lau segundo gehiago, berriz, atzoko irabazleek.

Abiadura proban, ordea, ia dena erabakita utzi zuten Arrospidek eta Mugertza II.ak. Bi 60 ontzako 3 minutu eta 36 segundoan bota zituzten, eta 17 segundoko tartea kendu zieten aurkariei. Amaitzeko, txanda librean, sei kana-erdiko moztu behar izan zituzten, eta Mugertzak eta Arrospidek 10 minutu eta 44 segundo behar izan zituzten, 14 segundoko zuloa zabalduz. Denera, 19 minutu eta 57 segundo behar izan zituzten Arrospidek eta Mugertza II.ak, eta 20 minutu eta 39 segundo, berriz, Azurmendik eta Atutxak. Finala Otañoren eta Otaegiren aurka jokatuko dute. Gazteen Mailan, Otañok eta Etxeberriak irabazi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo