GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surfa

ASP itzulia 2012an: Jada martxan dira kategoria desberdinetako txapelketak

WCT zirkuituko lehen proba datorren astean egingo dute Australian, baina beste maila batzuetan, zenbait txapelketa egin dituzte jada. PRIME kategoriako itzulian, aurtengo lehen txapelketa egin berri dute Brasilen, eta Miguel Pupo brasildar gazteak lortu du txapela.

p054_f02_148x112.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Goi mailako txapelketen itzulia abian da. Datorren astean izango da 2012ko WCT mailako lehen txapelketa. Beti bezala Australian abiatuko da itzulia, Snaperseko eskuin olatu famatuan.

Bigarren mailako edo PRIME kategoriako lehen txapelketa, aldiz, egin berri dute, Brasilen, Fernando de Noronha irlan. Eta, hirugarren mailako txapelketak, edo izarren kategoriako txapelketak ere pixkanaka aurrera doaz.

Otsailaren 25a eta martxoaren 7a bitartean egingo dute WCT mailan zirkuituko lehen txapelketa, bai nesken zein mutilen kasuan. Hamaika txapelketek osatzen duten itzulia da WCT zirkuitua. Nesken kasuan berriz, zazpi txapelketako itzulia da.

Iazkoa urte korapilatsua izan zen. ASP erakundeak berrikuntzak ezarri zituen eta lehiakide askok publikoki azaldu zuten ez zeudela ados.

Txapelketak egiteko lekuek ere zeresana eman zuten, leku berriak proposatu ziren eta eztabaida honek oraindik ere indarrean jarraitzen du.

Iaz ASP erakundea aldaketa batzuk egiten saiatu zen, baina sortutako eztabaiden ostean, berriz atzera egin eta lehengo eredu zaharrari eutsi dio. Geldirik dago antolakuntzaren eremua, hain justu, surflarien artean eta surf egiteko moduan aldaketak gertatzen ari direnean.

Beraz, lehenago edo beranduago aldaketak izango dira, edo izan beharko dira. Hori da iazko eztabaidetatik atera daitekeen ondorio nagusia.

Aurtengo zirkuituak zer eskain dezakeen jakitea ez da erraza izango; izan ere, esan bezala aldaketa asko egiten ari dira antolaketa eta txapelketen araudiari dagokienean, baina emaitzei dagokienean, ezin esan azken urteetan aldaketa apartekorik izan denik. Horren adibide garbia da Kelly Slater, hamaika urtez munduko titulua lortu duen lehiakidea, lehiakide garaiezina.

Aurtengoa berrikuntza garaia izan daiteke. Hurrengo urteetarako surf molde berria ezarriko den urtea izan daiteke. Eta batez ere, azken urteetako lehiakide beteranoak ordezkatuko dituzten aurpegi berriak zeintzuk izango diren erakutsiko digun urtea izan daiteke.

PRIME kategoria, bigarren mailako kategoria da. Nesken kasuan ez dago kategoria berezi hau, soilik mutilek daukaten itzuli berezi bat da, hamar txapelketakoa.

Txapelketa batek PRIME kategoria izan dezan baldintza batzuk bete behar ditu, eta baldintza nagusietako bat zera da, txapelketa egiteko lekuan kalitate oneko olatuak izatea.

Aurtengo lehen PRIME txapelketa egin dute: ASP PRIME Hang Loose Pro Contest 2012 in Fernando de Noronha; eta olatu bikainak izan dira.

Fernando de Noronha Brasilgo irletako bat da eta bertan oso olatu onak izan ohi dira. Otsailaren 11n amaitu zen aurtengo PRIME kategoriako lehen txapelketa Noronhan. Miguel Pupo brasildarrak irabazi zuen. Iaz, Pupok PRIME kategoriako bi txapelketa irabazi zituen, AEBetan biak, bata Trestlesen eta bestea Santa Cruzen.

Miguel Pupok hogei urte ditu eta aurten WCTko 34 lehiakideen artean izango da. Kolohe Andino, John John Florence eta Gabriel Medinarekin batera aurpegi berrietako bat da WCT zirkuituan. Goi mailako lehiakide orok bezala, Pupok ere babesle ugari ditu, baina behar dituen surf taulak zuzenean bere aitak egiten dizkio.

Izar desberdinetako txapelketei dagokienez, mutilen kasuan guztira 27 txapelketa egingo dira munduan zehar 2012. urtean. Nesken kasuan, berriz, denera hamar txapelketa baino ez dira izango. Horietatik gehienak, zortzi txapelketa, sei izarrekoak izango dira.

Nesken eta mutilen artean desoreka handia dago sariei dagokienean. Maila bakoitzean lehiakideek lor dezaketen puntu kopurua berbera da, bai mutiletan, bai nesketan; baina maila berean irabazleak jasotzen duen dirusaria oso bestelakoa da.

Esaterako, nesken kasuan, goi mailako txapelketa bat irabazten duen lehiakideak, mutilen kasuan bezala, 10.000 puntu jasotzen ditu, baina neskek irabazten duten diru kopurua mutil batek maila berean irabazten duen diru kopurua baino ia lau bider txikiagoa izaten da. Alegia, neskek ia lau bider diru gutxiago irabazten dute.

WCT mailan txapelketa bat irabazten duen lehiakideak 425.000 dolar edo 500.000 dolarreko dirusaria eskura dezake mutiletan kasuan, eta emakumeen kasuan, gehienez 110.000 dolarreko dirusaria eskura daiteke.

Bost izarreko txapelketa bat irabazten duen mutil batek 120.000 dolar eskuratzen ditu, alegia, maila goreneko txapelketa bat irabazten duen neska batek baino diru gehiago irabazten du.

Paradoxikoki azken urteetan surf markak krisian sartu dira, salmentek behera egin dute, antza. Surfaren industriaren gainbehera ekidin duen sektorea emakumezko arropena izan omen da. Soilik neskentzat den Roxy marka da adibide garbia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo