GARA > Idatzia > Euskal Herria

Normalizazio politikoan euskararen gaia egoki kokatu nahi du Kontseiluak

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak urteko batzarra egin du Andoainen. Aipamen berezia egin dio egoera politikoari; izan ere, normalizazio prozesuan euskara egoki txertatzea izango du jomugan 2012an.

GARA | BILBO

Kontseilua, euskararen erabileraren normalkuntzaren aldeko elkarteak urteko batzarra egin zuen pasa den ostiralean Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean. Batzarrean, euskaraz bizi ahal izateko landutako dinamiken eta metodoen gaineko hausnarketa egin zuten, berritu edo aldatu beharrekoak ere aztertuz. Bestalde, Euskal Herrian ireki den normalizazio politikorako bidean euskarak jokatzen duen papera nabarmendu zuten, berebiziko erreminta gisa.

Batzarrera deitutako bazkideek iazko balantzea egin eta 2012ko kudeaketa plana onartu zuten. Hein horretan, 2011. urteko ildoan lanean jarraitzea berretsi du Kontseiluak.

Egungo egoera politikoaren irakurketa egin zuten batzarrean. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaoren esanetan, «Euskal Herrian garai berria zabaldu da azken hilabeteotan», eta egoera berri horrek «eragile politiko guztiak euren posizioak birdefinitzera behartu ditu».

«Zurrunbilo» honen ondorioak zeintzuk izango diren argi jakin ez arren, garbi dago, beraien hitzetan, «Kontseiluaren eragite politikoa eraginkortzera jo behar dugula».

Normalizazio politikoaren prozesuan euskarak ez duela «dagokion zentralitatea» iritzita, behar duen garrantzia izan dezan lan egingo dutela gaineratu zuen Bilbaok.

Izan ere, Kontseiluak alderdi politikoekin garatutako harreman dinamikaren ondorioz, «lankidetzarako ateak ireki dira». Elkarlan horren bitartez, «esatetik egitera» igarotzea beharrezkoa da, eta «teorian diseinatutako hizkuntza politika eraginkorra abian jartzeko aukerak» zabaldu direla uste du Kontseiluak, eta hein horretan, «normalizazio-prozesua bizkortzeko unea» iritsi dela. Horretarako oinarri sendoa da 2010ean herriz herri egindako azterketa, tokian tokiko «hizkuntza politika nola hobetu litekeen aholkatzeko».

Euskaraz bizitzea, helburu

Euskaraz bizitzeko nahiaren inguruan prestatutako lan dinamikak zabala izan nahi du, «arlo desberdinetara zabalik». Arrazoi horregatik, Kontseiluak «arlo desberdinetan lan egiten duten elkarte, norbanako eta abarrekin harremana egin du», eta bere proposamenak «harrera ona» izan du.

Horren adierazgarri dira kulturaren arloan dinamikari egindako ekarpenak, esaterako, Esne Beltza taldearen «Euskaraz bizi nahi dut» abestia, apirilean aurkeztuko den liburu kolektiboa, edota zenbait kirol elkartek, Realak kasu, aldarrikapena bere egin izana.

«Bizitzako arlo desberdinak zipriztindu nahi ditugu euskaraz bizitzeko nahiarekin», aipatu zuen Paul Bilbaok. «Izan ere, asko gara euskaraz bizi nahi dugun herritarrak eta norberak bere ekarpena egin dezan molde desberdinak erabiltzeko aukera egongo da», iragarri du.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo