GARA > Idatzia > Euskal Herria

Zanpantzar erretzeko hamaika arrazoi atzeman dituzte azkaindarrek

p017_f01.jpg

Idoia ERASO | AZKAINE

Musikaz eta trapu zaharren kolorez jantzi zituzten zirtzilek Azkaineko karrikak larunbat goizean. Auzoz auzo ibili ziren, neguaren bukaeraren berri ematen zuen Hartzak lagunduta. Beti zirikatzaile, Hartza autoetako haizetakoen-garbigailuak ateratzen aritu zen, inauterien besta nondik igaro zen arrastoa utziz.

Goizeko zirtzilek arratsaldean herritarrak izan zituzten lagun. Herriko plazatik abiatuta eta musikaren erritmoari jarraituz erdialdeko itzulia egin zuten lehoi, Darth Vader, behi, printzesa eta pinguinoek. Hartz handiak plazan bildutako haur guztien jakin-mina eta beldurra eragin zituen. Izan ere, udaberriaren etorrerarekin lurra eta natura esnatzen direla irudikatzen du Hartzak, eta bere itxura bikainean, haren beldur izatea ez da harritzekoa. Baina neguko loalditik aurten umore onez esnatuta-edo, berarengana hurbiltzen utzi zien haurrei. Lurrean eserita, neska-mutilak bere gainean esertzen aritu ziren, eta batzuek lurrera botatzea ere lortu zuten.

Zanpantzarren epaiketa

Denbora horretan epaiketa prestatzen aritu ziren ikasleak. Beste urteetan antzerkia egin ohi duten Gaztetxeko kideek ikastolako haurrei utzi zieten 2011ko gaiztakerien berri emateko parada. Hori dela-eta, Zanpantzar tripaundi eta purudunari egotzitakoak ikasleen aldarrikapen eta kexuak izan dira aurten Azkainen.

Udaberriari harrera ona emateko, eta iazko gauza txarrak alde batera uzteko, Zanpantzarri epaiketa seriosa egin zioten gaztetxoek.

Judizioa hasi, eta prokuradoreak ekintza benetan «gaizto» bat egotzi zion Zanpantzarri, haurrek ikastolan ospatutako inauterietan nahi bezala mozorrotu beharrean, denak zirtzilez mozorrotu behar dutela esatea zuzendariari. Horren testigantza emateko, Charles Iriondo ikastolako garbitzailea eta Charlotte Ubegun erizaina agertu ziren agertokira. Noski, errudun atera zen Zanpantzar.

Ondoren, ikastolan errugbian aritzeko debekua hartu zuen bere gain akusatuak, eta horretako Imanol Harinordoquy kirolari ezaguna agertu zen epaitegian. Testigantzan errugbia kirol seriosa dela nabarmendu zuen, eta horren azpimarratzeko bere aitak emandako garrantzia aipatu zuen, ikusleen artean irria eraginez. Urtean puri-purian izan den gaia ekarri zuten horrela ikasleek; izan ere, aurten kirolari garaztarraren aitak errugbi zelaira salto egin zuen, bere seme «ahula» defendatzeko eta Aviron Bayonnais taldea, baita aurkari zuen Biarritz Olimpique ere zigortuak izan dira horregatik.

Ikasle lotiek klaseak hain goiz hastearen errua ere bota zioten inauterietako pertsonaiari. Salaketa horien guztien aurrean Zanpantzarren abokatuak defendatu egin zuen aldiro, elkarrekin telebista ikusten aritu zirela edo berarekin Errusian zegoela esanez, baina epaileak ez zion sinetsi, eta delibero hau eman zuen: «Auzitegi honek Zanpantzar hobendun dela dio eta errea izatera kondenatzen du!».

Behin ikusle guztiek gaiztoa sutara bota behar zela erabakita, eta «Zanpantzar erre!» garrasiek plaza hartu ondoren, egur meta batean jarritako zanpantzar panpina su artean kiskali zuten. Gaiztakeria anitz izanen zituen pagatzekoak, minutu gutxi batzuen buruan ez baitzen ezer gelditzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo