GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Tamaina, txikia baina

Latitude hauetan ohiko bihurtu da goiko latitudeak erreferente hartzea. Horra, kasuko, berrikitan enpresari handien buruhandi batek moketatik mikrofonora botea, langabea den horrek lana onartu beharko lukeela Laponian balitz ere. Atrebentzia, gero!. Non eta Laponian, erabakitzeko esparrua ez den herrialde zatitu batean!. Horixe bai dela eskua sartzea! Hain daude enpresari handiok ohituta nonahi eskuak sartzen!. Lastima pygocentrus sp-ak, pirañak ez esatearren, ez direla patriketan bizi, biziko balira sikiera!. Kosk!. Imaginatu egiten dut enpresariok konklabeko oturuntzan kantari, bazter batean sindikalista erreformatu batzuk besteen erritmoan marakak jotzen ari diren bitartean: sakela betea daukat eta besteak hor konpon!. Eta horman, monarken ohiko familia-argazki handiaren ondoan, hori bai, aurpegi batzuk apropos estalita, esaldi bat urrez brodatuta: burtsa ala hil. Bertsolariarena gogoan... okadaka egiten hustu zait barrena... Tira, lana hara, Laponiara!. Ama, ama! Globalizazio mundu honetan globalizatuak eta globalizatzaileak zirela bagenekien, jakin ere, baina Euskal Herriko langabetuak Laponiara joan behar izateraino...!. Hauxe kolpea! litekeena da Nafarroako zainzuriak Laponian bertan lataratzea!. Ene, ene...

Bestelako erreferenterik bada latitude horietan. Horra, Islandia. Bankariak bankilora, erruztatuen aulkira, legeak aldatu behar badira ere. Demonio!. Hemengo latitudeetan gauza bera egingo bagenu, bankariekin batera enpresari handiak aulkian ezartzen, epe motzean akabo langabezia! Tira! akabo ere Europako basoak, aulkitan egur beharra itzela izango zen eta. Baina nago ni, klimak ulertuko zuela baso-soiltze honena, lurzoruak berak ere, seguruenik. Bestelako planeta posible den abiapuntua, eta latitude guztietan. Bankuena adierazteko ez dut uste hitz aproposik denik munduko inongo hizkuntzan, jende jatorraren orroak baino ez. Orain, bankuak agregatu beharra da moda ezarria, berregituratzea edo. Tamaina dute helburu, zenbat eta handiago hobe, nonbait. Imaginatzen nago bankariak hondartza nudistan, tamainaren apologia egiten eskuin-eskuin. Handia, handia.... bai zera!. Britainia Handia Eskozia galtzear dago, Espainia Handia Euskal Herria... eta Bilbo Handia Bizkaia. Txikia hobe, small is beautiful, erabilerrazagoa ere. Hondartza nudistan ere, nahiz eta itzal gutxiago eman inguruan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo